Ondaro eta Galletebeitia, Barakaldoko saioaren atarian
Lurdes Ondaro Mallea munitibartarrak eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak domekan [azaroak 9] Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurreko faseko saioetako bat lehiatuko dute, Barakaldon.
Abadiñoko saioko protagonistak.Bizkaiko Bertsozale Elkartea Finalaurrekoen txanpan murgilduta dago Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Barakaldon lehiatuko dute hurrengoa, domeka honetan [azaroak 9], 17:00etan abiatuta, Lasesarre kiroldegian. Bertan, ordezkaritza lea-artibaitarrak ez du hutsik egingo: taularatuko diren bertsolarien artean egongo da, alde batetik, Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra eta, bestetik, Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra. Beraiekin batera, Onintza Enbeita Maguregi muxikarra, Ibai Amillategi Ormaetxea gernika-lumotarra, Mikel Goiriena Larrazabal mungiarra eta Irune Basagoiti Agirre ermuarra ariko dira bertsotan.
Parte hartzaileek, lehenik eta behin, hiruna bertso egin beharko dituzte ofiziotan, hala hamarreko txikian, nola zortziko txikian zein Iparragirre abila dela doinupean. Ganbarako beharrari dagokionez, lehenik, puntua emanda, bertso bi egin beharko dituzte, zortziko txikian; jarraian, gaia emanda, hiru bertso egin beharko dituzte, doinu nahiz neurri librean. Idoia Anzorandia Kareaga ariko da gai jartzaile.
Abadiñoko probalekuak hartu zuen txapelketaren azken saioa, bigarren finalaurrekoaren joanekoa. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola lehia poltsikoratzeko faborito nagusietako bat baldin bazen, hautagaitza hori are gehiago zuztartu zuen. Gernika-lumotarrak saioa maisuki patrikaratu zuen, 500 ikusle baino gehiagoren aurrean eta maila handiko aurkarien kontra.
Etxebarriazarragak, lau lan puntuagarriak biribildu ondoren, 651,5 puntuko uzta jaso zuen; bigarren sailkatu Txaber Altube Sarrionandia etxeko bertsolariak, berriz, 607,5ekoa. Hirugarrena, hiru puntu gutxiagogaz, Gorka Pagonabarraga Agorria (604,5) durangarra izan zen; jarraian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Unai Mendiburu Valor sopeloztarra (600), Maite Sarasola Isazelaia deustuarr (562) eta Enare Muniategi Etxabe arteagarra (552). Garaipena tarteko, Etxebarriazarragak azaroaren 15ean Bermeon lehiatuko den bigarren finalerdiaren itzuliko saiora zuzenean sailkatzea lortu zuen. Gainontzeko bertsolariei dagokienez, puntuazioen arabera borrokatu beharko dute sailkapen hori.