Hitanoari bultzada kolektiboa emateko, prest
Euskal Herri osoko aditu eta arituak elkartuko dira hitanoa sustatzeko asmoz zapatuan Markina-Xemeinen, Euskal Herriko II. Hika Topaketetan. Eskualdeko ordezkaritza ere ez da faltako egingo dituzten mahai-inguruetan, eta parte hartzeko izen ematea gaur itxiko dute. Arratsaldean bertso saioa egingo dute, jardunaldiko partaide zein herritarrei irekia.
Oñatiren erreleboa hartuko du Markina-Xemeinek, eta prest dago dena Euskal Herriko Hika Topaketen II. aldia egiteko. Zapatuan [azaroak 8] egun guztiko egitarauan murgilduko dira, eta hausnartu, ideiak eta esperientziak elkarbanatu eta hitanoari bultzada kolektiboa emateko parada hartuko dute.
UEUk, ZirHika taldeak eta Badihardugu Euskara Elkarteak antolatu dute zapatukoa, Markina-Xemeingo Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Fundazioaren babes eta laguntzagaz. Adierazi dutenez, hitanoa bultzatzen ari ziren eragileak elkartzeko antolatu zuten duela bi urte lehenengo topaketa: «Gehienetan eragileak nor bere aldetik ari ziren langintza horretan, besteak zertan zebiltzan jakin gabe eta elkarlanerako aukerarik gabe. Horregatik antolatu zen I. Hika Topaketa, eta handik sortu zen ZirHika taldea, toki askotako eragilez osatuta, hainbat jarduera egin dituena hitanoa sustatzeko eta hika eragileak saretzeko».
Hala, bidea hasi zuten ildo beretik jarraituko dute. Horretarako, goizean hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatu dituzte, eta arratsaldean, lan-mahaiak: «Asmoa ondorio batzuk atera ahal izatea da, eta guztion artean aurrera jarraitzeko gida-lerro batzuk sortzea».
Gainera, adituen baino arituen bilgune izatea espero dute: «Hitanoa biziberritzeko lanean ari direnei bertaratzeko deia luzatzen diegu: hika irakasleak, euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, ikerlariak eta hitanoa bultzatzen ari diren bestelako eragileak, txoko guztietakoak». Lanean ari direnei ez ezik, jakin-mina duten denei ere, egin diete bertaratzeko deia: «Adituak behar dira, eta egongo dira, baina arituen edo aritu nahi dutenen jardunaldia da, nagusiki».
Hitanoari bultzada
Markina-Xemeingo Udaleko zinegotzi eta AEK-ko irakasle Garbiñe Idoeta Baskaranek azaldu du «harriduraz baina begi onez» jaso zutela topaketa herrian egiteko proposamena: «Harritu egin gintuen hasieran, baina guk hitanoa balioan ipintzearen aldeko hautua egin dugu hasieratik, eta egindako lan guztiaren emaitza moduko bat da Euskal Herriko bigarren topaketa hauek gure herrian izatea».

Duela bi urteko topaketetan aurkeztu zuten unitate didaktikoaAhotsak.eus
Izan ere, azken aldian hitanoa biziberritzeko egitasmoak ugaritu egin diren arren, duela zenbait urte hasi ziren Markina-Xemeingo AEK-ko irakasleak hitanoa indartzeko lanean: «Bageneukan kezka bat, ze, inguruan ikusten genuen hitanoaren erabilera galtzen ari zela, eta euskaltegi barruetan ere ez zaiola ematen behar duen garrantzia. Horregatik, gure erabileratik eta jakin minetik, aditzen jasotze lana egiteko konpromisoa hartu genuen». Hala, lanean hasi eta 2021 inguruan herriko eskoletan erabiltzeko unitate didaktiko bat prestatu zuten: «Guk hori ikastetxeei pasatu genien, eta martxan ipini zuten. Gure herrirako eta inguruetarako egindako zerbait izan zen, eta UEUkoek lanaren berri eduki zutenean Hika Topaketen lehenengo jardunaldietara gonbidatu gintuzten, egindako lana azaltzeko». Lehenengo topaketen harira sortu zen bigarren topaketa herrian egiteko aukera ere.
Idoetak gaineratu duenez, unitate didaktikoa sortzeko prozesuan konturatu ziren ez zirela egoera arduraz bizi zuten bakarrak: «Prozesu horretan ezagutu ditugu hitanoaren mundu hori berreskuratu eta transmisio edo ez galtze horren alde lanean ari diren hainbat herritar». Tartean daude Igor Ibarzabal, Jokin Egia eta Asier Aretxabaleta: hi.eus web orria sortu zuten, eta, gaur egun, informazio gehiago sartzen jarraitzen dute. Jose Mari Ugaldeak ere, hitanoaren inguruko bilketa lana egin du: «Idatziz jasotzeaz gain, intonazioa, ahoskera, formak eta abar jasotzearen garrantziaz arduratuta, pertsona nagusiei testigantzak jasotzen aritu da».
Hala, bilketa lana egin eta hitanoa sustatzeko sarea sendotzen joan da Markina-Xemeinen eta inguruko herrietan. Horren harira sortu dira hainbat egitasmo eta ekintza, eta Idoetak gogora ekarri du Euskaraldiaren baitan Aulestin egindako izugarrizko lana: «Adin guztietako jendea batu zen jai giroan hikadromoan, 80 pertsonatik gora, eta hainbat podcast ere grabatu zituzten. Sekulako lana egin zuten». Era berean, gogorarazi du AEK-k berriki Hikalagun egitasmoa ipini dutela martxan hitanoa praktikan ipini nahi dutenentzat; hileko azken barikuetan elkartzen dira, Uhagonen.
Garbiñe Idoeta: “Egindako lan guztiaren emaitza moduko bat da Euskal Herriko bigarren topaketa hauek gure herrian izatea”.
Egitaraua
Euskal Herriko ordezkaritza zabala bilduko du aurtengo topaketak, eta bertan izango da Aintzane Arrieta aulestiarra ere, goizeko mahai-inguruan. Ongietorriaren ostean Ibon Aginaga Zirhikako kideak topaketen testuingurua azalduko du, eta jarraian Hitanoa bultzatzeko esperientziak mahai-ingurua egingo dute. Arrietak, hain zuzen ere, Aulesti eta eskualdea izango ditu hizpide, eta egiten ari diren ekimenen inguruan hitz egingo du. Aitor Lizarazuk Urretxun eta Zumarragan Euskaraldia Hikan izandako esperientzia kontatuko du, «gune ez hain euskaldunetan ere hitanoa bultzatzea posible dela» azalduz. Oihana Lujanbio Goizuetatik helduko da, eta Nokako jarduna berreskuratzeko ikerketa eta praktika, herriko emakume talde batekin proiektua aurkeztuko du. Azkenik, Xabier Eizagirrek gaztetxoei hika erakusten izan duen esperientzia azalduko du, Azkoitiko eta Oiartzungo kasuak hizketagai hartuta. Saioa Uxoa Elustondo ikerlari eta Zirhikako kideak moderatuko du.
Atsedenaldia egin ostean, hitanoak irratian duen presentzia aztertuko dute. Horretarako, Jon Artano Euskadi Irratiko esatariaren gidaritzapean, Olatz Etxeberria (Segura Irratia), Mariagnes Gorostiaga (Irulegiko Irratia), Ximun Uthuralt (Xiberoko Botza) eta Imanol Artola Felix (Tolosaldeko Ataria) esatarien esperientziak izango dituzte hizpide. Goizeko jarduna Abarka antzerki taldearen mikro-antzerkiak itxiko du. «Elkar elikatu eta elkarren berri edukitzeko gunea izango da goizekoa. Esperientzia desberdinak ezagutzea aberasgarria izango da», adierazi dute antoaltzaileek.
Arratsaldeari talde dinamikekin ekingo diote. Hiru saio paralelo egingo dituzte Farapiren gidaritzapean: «Etorkizunean ditugun erronkak zeintzuk diren eta horiei aurre nola egin landuko dugu». Lehenengo taldeari dagokionez, hitanoaren zabaldundea egiteko ze plataforma behar den aztertuko dute, eta nolako izan beharko lukeen. Bigarren taldean, ostera, hitanoari ikusgarritasuna zelan eman aztertuko dute, eta hirugarren taldean, hika irakasleen formazioaz eta hika ikastaroen inguruan arituko dira. Topaketetan parte hartu nahi dutenek bihar [azaroak 6] dute izena emateko azken eguna, Udako Euskal Unibertsitatearen web orriaren bitartez.
Eguna amaitzeko, bertso-saio irekia egingo dute: topaketara joan ez direnek ere edukiko dute bertara joateko aukera. Hikaz arituko diren bertsolariak igoko dira oholtzara: Ainhoa Agirreazaldegi, Miren Amuriza, Aner Peritz eta Amets Arzallus. Gai jartzaile lanetan, ostera, Igor Elortza ariko da.
Azaroak 8, zapatua
-
09:00. Harrera eta dokumentazio banaketa.
-
09:30. Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
-
09:45. Topaketaren testuingurua, Ibon Aginagaren eskutik (Zirhika).
-
10:30. Hitanoa bultzatzeko esperientziak mahai-ingurua.
-
11:45. Atsedenaldia.
-
12:15. Hitanoa irratian nahaingurua.
-
13:30. Abarka taldearen mikro-antzerkia.
-
13:45. Bazkaltzeko tartea.
-
15:00. Talde dinamikak, hiru saio paralelotan.
-
17:30. Itxiera eta lekuko aldaketa.
-
18:30. Bertso saio irekia, Kontzejupean.