Jose Maria Rementeriaren 'Euzkerazko dotrinak' liburua aurkeztuko da Ondarroan
Jose Mari Rementeria apaiz, itzultzaile eta ohorezko euskaltzainak egindako 'Euzkerazko Dotrinak (II. Gipuzkeraz)' liburua aurkeztuko da barikuan [azaroak 7], Ondarroan. Kalapitxi kaperan izango da aurkezpena, 18:00etan.
Jose Maria Rementeria.Euskaltzaindia. Jose Maria Rementeria apaiz, itzultzaile eta ohorezko euskaltzainaren Euzkerazko Dotrinak (II.Gipuzkeraz) liburuaren bigarren zatia aurkeztuko da barikuan [azaroak 7] Ondarroako Kalapitxi kaperan, 18:00etan. Rementeriaren lana Euskaltzaindiak eta Labayruk argitaratu dute, eta aurkezpenean Adolfo Arejita euskaltzainak eta Labayru Fundazioko lehendakariak, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak parte hartuko dute.
1940an jaio zen Jose Maria Rementeria, Etxebarrian, eta 2023ko urrian zendu zen. Teologian eta Katekesian diplomaduna zen, apaiza, eta gainera, Euskal Elizbarruti arteko katekesi eta Liturgia batzordearen kide izan zen. Horrez gain, Elizen arteko Bibliaren itzultzaile taldeko kide ere izan zen. Euskaltzaindiak Rementeriaren lana “goraipatu” du: “Nabarmentzekoak dira itzultzaile bezala Rementeriak eginiko lanak, bereziki Elizen Arteko Biblia egitasmo erraldoian. Bere lan bat aipatzerakotan, Euskerazko dotrinak: Kristau Katekesia Trentoko Kontziliotik Vatikanoko II. Kontziliora (1545-1962) aipatu behar da. 2018an Labayru Fundazioak argitaratu zuen ikerlan argigarri eta garrantzitsu honen lehen zatia (I.Bizkaieraz), BBk Fundazioaren laguntzaz, eta barikuan, Ondarroan lan honen bigarren zatia aurkeztuko da: Euzkerazko dotrinak (II. Gipuzkeraz)“.