Lekeitioko Udalak etxe hutsen OHZaren grabamena igo du
Martitzeneko [azaroak 4] Osoko Bilkuran onartu zuten Ondasun Higienizen Gaineko Zergaren igoera: %50etik %150era igo dute.
Lekeitioko Udala herriko etxebizitzaren inguruko arazoa konpontzen saiatzen ari da. Jakitera eman zuten ezingo dela etxebizitza turistiko gehiago ipini herrian HAPOn aldaketa puntuala egin arte. Gero, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Lekeitio tentsio handiko eremua dela baieztatu zuen. Diagonistikoa bideratu zuten eta guzti.
Orain beste pauso bat eman dute. Atzoko [azaroak 4] Osoko Bilkuran onartu zuten etxe hutsen gaineko Ondasun Higienizen Gaineko Zergaren grabamena igotzea: %50etik %150era. Bizkaiko Foru Aldundiak aurten igoera erabaki zuen eta Gipuzkoan eta Araban lehenagotik ere altuagoa zen grabamenen muga. Era berean, udaletik gogoratu dute gune tentsionatu izendatzeko zerrendan dauden beste herriek ere igo dutela: Galdako, Basauri, Sestao edota Zaldibar, esate baterako. Bilbo ere bide beretik doala diote.
“Lekeition etxebizitza bat eskuratzea ezinezkoa den honetan, ezin da onartu etxe hutsak egotea. Etxebizitzaren arazoa herritarren arazo nagusiena da”, adierazi dute. Herrian “beste inon baino etxe huts gehiago” daudela esan dute eta horrek herritarren bizi kalitatean eragiten duela. Gazteak herritik alde egin ari dira etxebizitza bat eskuratzea “ezinezkoa” egiten zaielako. Horregatik, etxe huts horiek herritarrei alokairuan ipintzeko udalak bere esku daude “neurri guztiak” hartuko ditu. Datuek diote guztira 5.355 etxe daudela Lekeition, eta horietatik 1.344 bigarren etxeak direla. Etxe hutsei dagokionez, 909 dira, hau da, %17,2a.
“Etxe hutsa duenak jakin behar du herritarrek etxeak behar dituztela berton bizitzeko”, esan dute. Etxe hutsak duten jabeei “herriaren etorkizunagaz konprometitzeko” eskatzen dio udalak. “Etxe hutsa duten guztiei erraztasunak ipiniko dizkio Lekeitioko Udalak Eusko Jaurlaritzako Bizigune eta Alokabide programen bidez alokairuan ipintzeko, programak ematen duten berme guztiekin”. Etxebizitza hutsa alokairuan ipintzen duenak grabamen hau ordaintzeaz salbuetsita egongo dela azpimarratu dute eta gainera obariak izango dituela.