Oroimen Egunean batuko dira zapatuan mutrikuarrak
Saturraran Elkarteak Oroimen Eguna antolatu du zapaturako [azaroak 8]. Oroimen asteari emango dio amaiera Saturraranen egingo duten ekitaldiarekin.
Iraganean gertatutakoa orainaldira ekarri eta memoria bizirik mantentzeko, Oroimen Astea antolatzen du urtero Mutrikuko Saturraran Elkarteak. Aurten, bi ekimen antolatu dituzte urrian, eta zapatuko Oroimen Egunarekin emango diote amaiera egitasmoari. Antolatzaileei garrantzitsua iruditzen zaie urtero data zehatz baten bueltan batzea, “oroimen ariketa egin, gogoratu eta ez ahanzteko”.
Hala, zapatuan [azaroak 8] Saturraranen batuko dira, antolatzaileen hitzetan “zoritxar askoren testigu” izan zen lekuan. 12:00etan hasiko da ekitaldia, “xumea bezain garrantzitsua”: “Urtero bezala, Saturrarango kartzelan egondako ume eta emakumeak gogoratuko ditugu. Bertso eskolako bertsolariek emango diote hasiera ekitaldiari, eta ondoren, lore eskaintza egingo da, dantzariek agurra egiten duten bitartean. Gero, Saturrarango kartzelaren historia kokatuko dugu, espetxean egon ziren emakumeek eta umeek bizitako gogora ekarriz. Abesti eta janari artean emango diogu amaiera ekitaldiari”. Eguraldi txarra iragarri dutenez, aterpea egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Oroimen Astearen baitan, beste bi ekitaldi ere antolatu ditu Saturraran Elkarteak. Batetik, urriaren 9an Saturraran I eta Saturraran II dokumentalen proiekzioa egon zen Zabiel Kultur Etxean, eta bestetik, Emakumeak 1931-1939 erakusketa ikusgai egon zen urriaren 20tik 30era. “Oso harrera ona izan dute aurretik antolatutako bi ekintzek. Erakusketara egunero gerturatu da norbait, eta patxadaz ikusteko lana zenez, jendeak errepikatu ere egin du. Bestalde, dokumentalaren proiekzioan jendez gaineraz egon zen Zabiel Kultur Etxea. Beraz, jendeak gustura parte hartu du antolatutako ekintzetan, eta oso harrera ona izan dute biek”.