Josu Juaristi: "Oso hunkigarria eta polita izan da Hiru Haundiak egitea"
Hiru Haundiak lasterketan parte hartu du lehenengoz Josu Juaristi Urrutibeaskoa amorotarrak, eta 18 orduz azpitik lortu du 101 kilometroko erronka fisiko eta mentalari aurre egitea. Diziplina, motibazioa eta mendiarekiko pasioagaz batera, Juaristirentzat ingurukoen babesa ezinbestekoa izan da aurrera egiteko.
Mendian gora eta behera, kilometroz kilometro, diziplina, motibazio eta ausardiaren artean egiten da bidea. Bide hori hautatu zuen, hain zuzen ere, Josu Juaristi Urrutibeaskoak (Amoroto, 2001) duela bi urte, eta Hiru Haundiak egiteko helburua ipini zion bere buruari. Ordutik, hamaika izan dira entrenamendu orduak, baina helburua bete zuen urriaren 11n, eta Aizkorri, Anboto eta Gorbeia lotzen dituen 101 kilometroko lasterketa 18 orduz azpitik amaitu zuen. Lasterketako eferbeszentzia atzean utzi duen arren, oraindik fresko ditu bai nekearen oroitzapenak, baita helmugako naiz bideko emozioak ere. Pozik eta harro, bere buruari ipinitako erronkaz eta mendiagaz duen lotura bereziaz jardun du amorotarrak.
Zorionak 101 kilometroko Hiru Haundiak lasterketa amaitu izanagatik; ez zen erraza izango. Zelan sentitzen zara lasterketa amaitu eta hilabetera?
Pozik nago. Lasterketako momentuan, ez nintzen kontziente egiten ari nintzenaz, eta apur bat inozentziaz funtzionatu nuen. Orain, beste era bateko pentsamenduak ditut buruan, eta oso gustura eta harro nago egindakoagaz.
18 ordutan amaitzea lortu zenuen. Zelan sentitu zinen lasterketan?
Hasieran, lagun pare bat eduki nituen alboan, baina, urduritasuna tarteko, burbuila batean sartuta bezala nengoen, urduritasunak eroanda. Hala ere, pozik eta oso gustura nengoen, eta 00:00etan lasterketa hasi genuenean, sekulakoa izan zen. Gaua zen, denok kopetako linternekin… hori bizi egin behar da barrutik. 07:00ak inguruan tripak gora eta behera hasi zitzaizkidan, eta momentu txarra pasa nuen hor; hala ere, lortu nuen buelta ematea.
Lasterketa oso bakartia da?
Lehenengo kilometroetan ez, baina behin egunak argitzen duenean, bakarrik geratzen zara, eta momentu gogorrak pasa ditzakezu. Hala ere, niri lagunak etorri zitzaizkidan laguntzera, eta eurekin hitz egiten joateak bidea erraztu zidan. Gainera, pasarte txar horren ostean elkartu nintzen lagunekin, eta guztiz indarberritu nintzen.
Ingurukoen babesa garrantzitsua izan da?
Bai. Lagunak, kuadrillakoak eta familiako kideak etorri ziren, bai ibilbidera, bai helmugara, eta oinarrizkoak izan dira niretzat. Zuzenean lotzen ditut Hiru Haundiak-ekin; horrekin geratzen naiz ni.

Juaristi, lagun eta familiako kideekin.Josu Juaristi
Pasatu al zitzaizun burutik lasterketa uztea?
Ez, oso argi neukan lasterketa amaitu egin nahi nuela, eta lesio edo antzeko zerbait gertatu ezean, amaitu egingo nuela.
Ordu asko dira mendian korrika aritzeko. Nor edo zer etorri zitzaizun burura?
Lasterketa luzea da, eta momentu batean goian zaude eta beste batean behean. Gauza asko pasatu zitzaizkidan burutik, baina batez ere, ingurukoak. Amarekin ere gogoratu nintzen, lasterketa ez egiteko esaten zidan, baina banekien helmugan itxaroten egongo zela. Egindako entrenamendu ilunekin ere gogoratu nintzen, eta aurrera jarraitzea erabaki nuelako harro sentitu ere bai.
Aizkorri, Anboto eta Gorbeia mendietan zehar izan zen lasterketa. Zeinetan ibili zinen gusturago?
Niretzat, betidanik, Anboto izan da nire mendia, xarma berezia dauka. Hala ere, lasterketa honetan, Aizkorri izan zen bereziena, ze, gauez egin genuen, eta denak kopetako linternekin gindoazenez, suge baten moduan ikusten zen. Oso hunkigarria eta polita izan zen momentu hori.
Eta zelakoa izan zen helmugara heltzea?
Momentu horretan bakarrik egon eta arnas apur bat behar nuen arren, ingurukoak etorri zitzaizkidan eta euren berotasuna sentitu nuen. Harro sentitu nintzen lasterketa amaitu izanagatik, eta momentu horretan, inkontzienteki, bi urte barru berriro itzuli behar nintzela pentsatu nuen; ikusiko dugu zer gertatzen den.

Juaristi, helmugan.Josu Juaristi
Nondik datorkizu mendian korrika aritzeko gogoa?
Hainbat kirol egin ditut bizitzan, eta tartean, mendiagaz beti eduki dut lotura estua; futbolean ibiltzen nintzenean, esaterako, mendira korrika egitera ere joaten nintzen, oinez aspertu egiten nintzen-eta. Futbola utzi nuenean, nire kontura entrenatzen hasi nintzen, baina denbora-pasa modura, eta duela bi urte etorri zitzaidan burura Hiru Haundiak egin behar nuela bai ala bai. Aurten, lasterketetan apuntatzen eta entrenamendu gogorragoak egiten hasi naiz. Orain arte nire kabuz aritu naizen arren, errendimendura begira hobetu nahiko nuke, eta entrenatzaile baten bila ari naiz gaur egun.
Asko sakrifikatu behar izan duzu Hiru Haundiak korritzeko?
Tira… kilometro asko sartu ditut, baina nahi baino gutxiago ere bai. Urte guztian, ia 2.000 kilometro inguru izango dira. Asteburuetan eta jai egun askotan ordu asko izan dira. Uda, esaterako, nahikoa sakrifikatu behar izan dut, baina merezi izan du.
Gorputza prestatu duzu beraz. Eta burua?
Buruak ere behar du lanketa, bai. Batzuek esaten didate urduria naizela, eta beraz, uste nuen nire tokia esplosibitatean egon zitekeela, ez nuen uste iraupeneko lasterketak egingo nituenik. Hiru Haundiak lasterketaren aurretik egindako lasterketarik luzeena 65 kilometrokoa izan da, eta horrekin ikusi nuen prest nengoela hau egiteko. Pazientzia edukitzea da giltzarria.
Duela bi urte heldu zitzaizun gogo horrek hasieran asko edukiko zuen motibaziotik, baina denboran motibazio hori mantentzea lortu duzu edo diziplina izan da gehiago?
Biak. Motibazioa hasiera batean oso altua zen, baina urrun ikusten nuen lasterketa, eta beraz, beste lasterketa batzuetan apuntatu naiz motibazioa mantentzeko. Helburua Hiru Haundiak egitea izan da, baina tartean eduki ditut helburu txikiagoak ere. Eta horrekin batera, diziplina ezinbestekoa izan da, zalantzarik barik. Kilometro asko dira, askotan gogorik barik, euritan, hotz, bero… Edozelan entrenatu behar dugu, eta diziplinarik barik, gaitza da aurrera egitea. Hala ere, niri askotan egun txarretatik salbatzen nauena mendira joatea da.
Zer eman dizu kirolak?
Asko eskatzen duen arren, kirolak asko eman dit: bizitza estilo bat, pertsonalitatea, baloreak… Pertsona moduan hezteko ezinbesteko elementua da niretzat. Futbolak talde bat eman zidan, palak jokorako bikote bat, eta mendi lasterketek ezagun eta lagun asko. Mendian, esaterako, ni naizela sentitzen dut; edozer gertatu arren, badakit hor ondo egongo naizela. Nire buruagaz bat egiteko toki bat da.
Mendian zure tokia aurkituta, zer lortu nahiko zenuke hurrengo urteetan?
Lasterketei dagokienez, ez dakit aurten edo hurrengo urtean, baina Alpeetara joan nahiko nuke, Chamonixera-edo. Hemen ibili naiz, eta kanpokoa probatu eta ikusteko gogoz nago. Hala ere, uste dut mendi lasterketetan gabiltzan denon ametsa Zegama-Aizkorri korritzea dela; sekulakoa izango litzateke. Uste dut hemendik urte batzuetara egiteko prest egongo naizela.