Azaroko egitaraua aurkeztu du Etxelilak
Ondarroako Udalaren Berdintasun Kontseiluak, Etxelilak eta Ondarroako Mugimendu Feministak hilabete osoko egitaraua antolatu dute. Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Egunarekin [azaroak 19] emango diote hasiera.
Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna [azaroak 19] eta Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna [azaroak 25] oinarritzat hartuta, hilabete osoko programazioa argitaratu dute Ondarroako Udalaren Berdintasun Kontseiluak, Etxelilak eta Ondarroako Mugimendu Feministak.
Hala, azaroaren 19rako [Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna] Ondarroako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du; 19:00etan Alamedan izango da mobilizazioa. Bide horretatik, Ondarroako Udalak ere bat egin du Mugimendu Feministaren deialdiarekin, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu die. Azaroaren 20an [eguena], gai beretik tiraka, haur eta nerabeen kontrako sexu abusuen inguruko solasaldia egingo da Caterva izenburupean, Kristina Pozo Sevillaren eskutik. Hitzordua 18:30ean izango da, Etxelilan.
Egitarauagaz jarraituz, azaroren 22an [zapatua] 11-13 urte bitarteko neska* gazteei zuzendutako autodefentsa feminista tailerra egongo da: “Emakumeak* gaztetxoak direnetik pairatzen dituzte erasoak, eta eraso horiei ahalduntzetik erantzuten ikasiko da tailerrean”. 17:00etatik 20:00etara izango da saioa, Etxelilan, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, aurretiaz eman beharko da izena.
Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Ondarroako Mugimendu Feministak manifestazioa egingo du, 19:00etan, Zaldupeko zubitik hasita. Ekimen honekin ere bat egin du udalak.
Hilabeteari amaiera emateko, bi ikuskizun egongo dira. Lehenengoa, azaroaren 28an [barikua] izango da. Esne berriketan kontakizunean oinarriturik, bertso saio literarioa eskainiko dute; Uxue Alberdik kontatuko du, Iban Urizarrek musikatu, eta Ane Labakak eta Oihana Bartrak kantatu egingo dute. Ondarroako emakumeei buruz ere arituko dira, 19:00etan, Kofradia Zaharrean. Bigarrena, Argako Erregina ikuskizuna izango da, Remigia Etxarren Iruñeko funanbulistari buruzkoa, Estefania de Paz Asinen eskutik. Azaroaren 29an [zapatua] egongo da, 19:00etan, Kofradia Zaharrean. Gainera, Ondarroako Euskal wikiemakumeek ere parte hartuko dute.