"Jende ugari" bildu du XX. Bizkaiko Hotsak kontzertuaren lehenengo saioak
Xemeingo elizan eman zieten hasiera aurtengo jaialdiari. Miriam Cepeda eta EHU Abesbatza igo ziren oholtzara, Aitor Biainen zuzendaritzapean: "Biainek arretatsu eta dotore zuzendu zituen musikariak".
XX. Bizkaiko Hotsak, Xemeingo elizan.Diego Amezua Barikuan [azaroak 7] Xemeingo elizan eman zieten hasiera Bizkaiko Hotsak organo jaialdiaren XX. aldiari, eta antolatzaileen esanetan “arrakastatsua” izan zen aldi berriaren hasiera.
Miriam Cepeda organo jotzailea eta EHU Abesbatza igo ziren oholtzara, Aitor Biain oñatiarraren zuzendaritzapean. Hori gutxi ez balitz, Rakel Urkijo mezzosopranoa eta Karlos Etxaniz baritonoa izan ziren bakarlariak: “Kontzertuak jende ugari bildu zuen, eta entzuleek txalo beroz eskertu zituzten musikarien lana eta dedikazioa”.
Kontzertua Maurice Durufle (1902-1986) konpositore frantziarraren Veni creator gaineko bariazioak lanarekin hasi zen: “Pieza zorrotz eta eskatzailea izan arren, Cepedak ausardiaz eta musikaltasun handiz interpretatu zuen”. Hala, Markina-Xemeingo organoaren ñabardura eta tinbrearen aberastasuna “bikain” erakutsi zituen.
Jarraian, EHU Abesbatzak Requiem, Op. 9 lanaren irakurketa “zehatz eta sentikorra” eskaini zuen, “organo erregistroek ederki azpimarratuta”. Antolatzaileen esanetan nabarmentzekoak izan ziren Etxaniz eta Urkijo bakarlarien interbentzioak, eta Biainen zuzendaritza ere azpimarratu zuten: “Arretatsu eta dotore zuzendu zituen musikariak”.
Hurrengoak. Bigarren hitzordua joan den zapatuan [azaroak 8] Bilbon eduki zuten musikazaleek, izan ere Enrique Martin Laguna entzuteko aukera egon zen. Asteburu honetan beste bi hitzordu dituzte: barikuan [azaroak 14] Plentziak hartuko du jaialdia, eta zapatuan [azaroak 15], Mañariak. Hurrengoak Loiun (azaroak 29), Bilbon (abenduak 6), Abadiñon (abenduak 26) eta Zeanurin (abenduak 28) izango dira.