2026ko ordenantza fiskalak onartu ditu Ondarroako Udalak
Ondarroako Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen tasek eta zergek %3ko igoera izango dute.
Atzo burutu zen ez-ohiko udalbatzan hasierako onarpena eman zitzaion 2026ko Ondarroako ordenantza fiskalari. Hala, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen tasen eta ezartzen dituen zergen igoera orokorra %3koa izango zela onartu zen. Udal zerbitzuen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea da igoeraren helburua, “ondarrutarrek zerbitzu irisgarriak eta kalitatezkoak dituen udalerri batez gozatzen jarraitu dezaten”.
EH Bilduk igoeraren aldeko botoa eman zuen, eta EAJ abstenitu egin zen: “Prisengatik abstenitzen gara, uste dugulako azeleratuegia izan dela prozesua. Horrez gain, baita zaborren tasaren igoeragatik ere, iaz %25 eta aurten %30”. Honen aurrean, Urtza Alkorta alkateak hartu zuen hitza EH Bilduren izenean, eta nahi baino prisa gehiagorekin egindako prozesua izan dela aitortu arren, auzia plenora eraman aurretik ordenantza fiskalei buruzko bi ogasun batzorde egin direla azpimarratu zuen, eta ekarpenik ez zuela jaso.
Gainera, Alkortak gogorarazi zuen, iaz eta aurten igoerarik egin gabe, aurten %55eko igoera egin beharko litzatekeela. Hala, EAJko Aitor Basterretxeak hobariak espero dituztela adierazi zuen: “Ulertzen dugu egoera, ez baita erreza, baina hobariak egoera ere nahi dugu, ez atzeratzea”. Basterretxeak esandakoa kontuan hartuta, hobarien aferari heldu zion alkateak: “Udalak 70.000 euroko inbertsioa egin du hondakinen bilketan, eta hortik abiatutako sistema berriak (eskualde guztian jarriko denak) ahalbidetuko du hobariak egotea, hau da, gehiago birziklatzen dutenek gutxiago ordaintzea. Gainera, hondakinen gaia bi alderdiok Lea Artibai Mankomunitatearen baitan denbora luzez landu dugu, batera, akordioak eginez”.
Bi tasa. Aipatutako tasez gain, igoera handiagoa izango duten tasak bi izango dira. Alde batetik, Zaldupe udal kiroldegiko bazkidetza igoko da, eta beste aldetik, Unanue Udal Musika eskolako izen ematea eta kuotak ere igoko dira 2026-2027 ikasturtean. “Oso merkea izan da orain arte kiroldegiko bazkidetza, inguruko merkeena, eta igoera dakar eskaintzen diren zerbitzuetan ahalik eta galera gutxiena egoteko; hala ere inguruko merkeena izaten jarraituko du. Unanue Musika Eskolako kuotei dagokienez, 2017tik ez da igoerarik egon eta horri erantzuten dio %10eko igoerak, zerbitzuak dituen kostuak mantendu ahal izateko”.
Zaborren tasa. Zaborren tasa %30 igoko dela adierazi du Ondarroako Udalak: “Udala behartuta dago zaborren tasa %30 igotzera, horrela agintzen baitu Europako direktiba batek. Horren arabera, 2030erako birziklatze tasa %65ekoa izan behar da. Hori betetzen ez de bitartean herritarrek beraiek ordaindu behar dute errefusa batzearen, garraiatzearen, tratatzearen eta erretzearen kostua, eta udalak ezin du orain arte modura gastu horren zati bat berak ordaindu. Eskualdeko udal guztiek egingo dituzte antzeko igoerak, zabor bilketa sistema bateratuta dagoelako Mankomunitatearen baitan”. Orain arte hiruhileko zaborren tasa 29 euro ordaintzen bazen, orain 36,7 euro ordainduko dira; hilabetean 2,63 euro gehiago. Gainera, etxebizitza turistikoei dagokienez, orain arte etxe arrunt bat bezala ordaintzen bazuten ere, aurrerantzean negozio modura ordainduko dute, herriko gainontzeko ostatuek bezala. “Helburuak betetzen ez badira eta birziklatze tasa ez bada handitzen, kostuak are handiagoak izango dira eskualdean. Orain arte, udalek birziklatze gastuaren zati bat bere gain hartzen zuten, baina indarrean dagoen araudiaren arabera, hemendik aurrera gastuak herritarren tasen bidez ordaindu beharko dira. Horregatik, hondakinak behar bezala sailkatzeak garrantzi berezia hartuko du tasak ahalik eta txikienak izan daitezen”.
Zerbitzu gehiago. Turismo Bulegoak eskaintzen duen zerbitzuan ere jarri du fokua udalak. Izan ere, orain arte, kobratu ez diren zerbitzuak izan dira, eta aurrerantzean, egiten den lana balioan jartzeko helburuagaz, herriko bisita gidatuak hiru euro pertsonako kobratuko direla adierazi dute udaletik. Hala ere, herriko ikastetxeek edota herriko taldeek euren jardueren baitan Turismo Bulegoarekin egiten dituzten bisitak ez dira kobratuko.
Hobariak ere egongo dira. Hobariak ere egongo direla azaldu du Ondarroako Udalak. Esaterako, etxeetako obrei dagokienez, zergaren kuotaren %90eko hobaria izango dute bainuontziaren ordez dutxa jartzeko obrek, gutxienez 70 urtetik gorako pertsona bat erroldatuta dagoen etxebizitzetan: “Adinekoen bizi kalitatea hobetzeko neurria da, batez ere kontuan hartuta geroz eta herritar nagusiagoak ditugula”. Horrez gain, %65eko aniztasun funtzionala daukaten herritarrek etxebizitzak hobetzeko edota mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko obrak egiten badituzte, %50eko hobaria izango dute.
“Ibilgailu elektrikoek %85eko hobaria dute aurretik eskakizuna eginez eta egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuz; ibilgailu hibridoek, ostera, %75ekoa”. Hala ere, bi kasuetan hobaria aplikatzeko ibilgailuak bost urte baino gutxiago izan beharko ditu.