Amorotoko zenbait toki ikus-entzunezko proiektuen eskura ipini dituzte
Amorotoko Udalaren eta Film Basque Country orrialdearen elkarlanari esker, Amorotoko hiru kokaleku gehitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikus-entzunezko proiektuen kokaleku-zerrendara. Herritarrei ere euren proposamenak aurkezteko deia luzatu diete.
Amorotoko plaza da gehitutako kokalekuetako bat. Amorotoko paisaiak eta toki esanguratsuak zabaltzeko asmoz, aurrerapausua eman du Amorotoko Udalak. Ikus-entzunezko proiektuen gorakadaz jabetuta, herriko zenbait kokaleku eta eraikin Film Basque Country web orrian argitaratu dituzte.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ikus-entzunezko proiektu bat grabatu nahi dutenei zuzendutako orrialdea da Film Basque Country, eta ekoizpenak “erakarri, gidatu eta laguntzeko” sortutako ekimena da: “Doako zerbitzuak eskaintzen ditugu kokalekuak hautatzeko, eta gobernuko erakundeen eta enpresa pribatuen arteko bitartekari lanak egiten ditugu, ekoizpenak arrakastatsuak izan daitezen”. Hala, webgunean jasota dituzten tokiak pelikula, publizitate, dokumental nahiz bestelako ikus-entzunezko proiektuetarako aproposak izan daitezke.
Toki bakoitzeko argazkiak, azalpenak eta kontaktu zuzenak eskaintzen dituzte web orrian, eta ikus-entzunezko proiektuen arduradunek “ideiak hartu, toki interesgarriak ezagutu eta grabaketak egiteko tokien proposamenak” ezagutzera ematea da asmoa. Kokapenetako bakoitzak argazki sorta bat eta tokiari buruzko historia-azalpenak jasotzeaz gain, ezaugarriak nahiz erabilera posibleak ere barne hartzen ditu.
Udalaren eta Film Basque Country-ren arteko lankidetzari esker, Amorotoko hiru kokaleku txertatu dituzte bertan: herria bera, Amorotoko plaza eta Artinerrotako zubi erromaniko eta Lea ibaiko bazterrak. Hala, udal ordezkariak pozik agertu dira egitasmoagaz bat egin izanagatik: “Herria ezagutzera emateko modu polita da; erakusleiho itzela da guretzat. Hainbat toki polit eta berezi ditugu hemen, eta egokiak izan daitezke ikus-entzunezko proiekturen baterako. Horregatik, ondo ikusi dugu gure herria ere Film Basque Country orrialdean agertzea”.
Herritarrei ere euren proposamenak aurkezteko deia egin diete: “Norbaitek uste badu bere etxea, baserria, eraikina edo herriko beste toki bat grabaketa egiteko aproposa izan daitekeela, udalarekin harremanetan jar daiteke proposamenak aurkezteko. Guk bideratuko dugu ostean dena. Webgune bizia da, etengabe ari dira eguneratzen, eta Amoroto ere bertan egotea garrantzitsua dela uste dugu”.