Mendexako Udalak 2026ko aurrekontuak osatzeko parte-hartze prozesua abiatu du
Herritarrek dituzten lehentasun eta beharrak jaso nahi dituzte udal ordezkariek, 2026ko aurrekontuetan txertatzeko. Galdetegia azaroaren 28ra arte bete ahalko da.
Hasi dira eskualdeko zenbait udal 2026rako aurrekontuen prestaketa lanetan, eta horietako bat da Mendexako Udala. Datorren urteko aurrekontua prestatzeko asmotan, udal ordezkariek herritarren ahotsak entzun nahi dituzte: “2026ko aurrekontua prestatzen hasiko gara laster, eta prozesua parte-hartzailea izatea nahi dugu”. Halaber, herritarrek garrantzitsutzat jotzen dituzten proposamen, ideia edo beharrak jaso gura dituzte, eta horiek partekatzeko gonbidapena luzatu dute udal ordezkariek.
Galdetegia online edo aurrez aurre betetzeko aukera egongo da. Online bete nahi dutenek udal ordezkariek sare sozialetan zabaldutako galdetegiaren bitartez egiteko aukera edukiko du. Aurrez aurre bete nahi dutenek, ostera, udaletxean edukiko dute galdetegia. Azaroaren 28ra arte dago galdetegia betetzeko aukera.
Norbere datu pertsonalez gain, alde batetik, Mendexarako lehentasunak zeintzuk diren jasoko, beharrak edo hobekuntzak zeintzuk diren identifikatzeko asmoz. Bestalde, 2026ko inbertsioetarako zein arlo den garrantzitsuena aukeratu ahalko dute herritarrek, eta besteren artean, azpiegiturak, ingurumena, kultura, hezkuntza, kirola eta etxebizitza daude aukeratzeko. Azkenik, proposamen zehatzak egiteko aukera egongo da.