Telazko poltsak pertsonalizatzeko tailerra egongo da Mendexan
Azaroaren 21ean izango da tailerra. Izena emateko azken eguna, ostera, barikua [azaroak 14] izango da.
Mendexako Udalak eta Berdintasun Kontseiluak antolatuta, telazko poltsak pertsonalizatzeko tailerra egongo da herrian. Azaroaren 21ean ipini dute hitzordua, 18:00etan, udaletxeko ganbaran.
“Ehungintzarako binilo-orrien gainean aldez aurretik inprimatutako irudietatik abiatuta eta beroa erabili, gure poltsak pertsonalizatuko ditugu”, azaldu dute antolatzaileek. Hala, Berdintasun Kontseiluak antolatutako ekintza denez geroztik, diseinuetan “mezu aldarrikatzaileak” ipiniko dituzte: “Berdintasunaren aldeko sinboloak izango ditu diseinuak, genero-indarkeriaren aurkako egunarekin eta emakumeen eskubideen borrokarekin lotuta”.
Telazko poltsa pertsonalizatua egin nahi dutenek izena eman beharko dute udaletxean; horretarako azken eguna barikua [azaroak 14] izango da. “Animatu parte hartzera. Norberak boltsa bana pertsonalizatu, eta mezu aldarrikatzaileak soinean eroateko aukera ederra izango da”.