Delirium Tremensek Bilbon joko du agur kontzertua azaroaren 29an
Mutrikuko laukoteak Santana 27 aretoan esango dio agur bere ibilbideari, gonbidatu bereziez inguratuta. Besteak beste, Zea Mays, Zarama, Baldin Bada eta Jotakieko kideak izango dira gonbidatuak. Sarrerak salgai daude.
Delirium Tremens taldeko kideakLorentxa Saragueta Delirium Tremens prest dago agur esateko: azaroaren 29an agur kontzertua eskainiko dute Bilboko Santana 27 aretoan. Euskal Herriko rock eszenako talde mitikoenetako bat da Mutrikuko laukotearena, eta euren ibilbideari azken puntua ipiniko diete azaroa amaitu orduko; kontzerturako sarrerak salgai daude.
Belaunaldi oso baten soinu-banda izan den taldeari omenaldia egiteko modua izango da, eta azken agurra emango diete “euskal musika eszenan utzitako aztarna sakonari”. Gonbidatuz inguratuta egongo dira mutrikuarrak: Jotakie taldeko Elortxa, Baldin Badako Katu, Zea Mayseko Aiora Renteria eta Zaramako Roberto Moso eta Tontxu egongo dira eurekin oholtzan. Gainera, Mosok haren proiektu berria aurkeztuko du, eta JAN! talde berria izango da gaueko gonbidatu nagusia.
2024an kaleratu zuten euren azken lana, …Ta Nora?, euren agurraren berri ematearekin batera, eta azken kontzertu hau “rockaren eta adiskidetasunaren festa” izango dela ziurtatu dute euren sare sozialetan. “Ez da bakarrik musika emanaldi bat izango. Musikaz gain, taldearen ibilbideari, garaiko testuinguru sozial eta politikoari eta Delirium Tremensek musika identitatearen inguruan sortutako diskurtsoari egingo zaio omenaldia”, adierazi dute Mauka Musikagintza agentziako ordezkariek.