Eguzkik begi onez ikusi ditu portuen garbiketa egiteko Eusko Jaurlaritzak bideratutako 2,4 milioi euroak
Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzak 2,4 milioi euro bideratuko ditu Elantxobe, Ea, Ondarroa eta Lekeitioko portuen garbiketa integrala egiteko. Eguzkik "ondo" baloratu du egingo den inbertsioa.
Portuan pilatzen den zaborra.Eguzki. Eguzki talde ekologistak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzak Elantxobe, Ea, Ondarroa eta Lekeitioko portuen garbiketa integrala egiteko 2,4 milioi euro bideratuko ditu. Erabakia “begi onez” ikusi du talde ekologistak: “Gure portuak garbi mantentzeko edozein jarduera ontzat jotzen dugu. Batez ere, kontuan izanda, urte hauetan guztietan garbiketa ez dela inolaz ere eredugarria izan”.
Hala, 2026ko abuztuan egungo kontratua amaitu eta hurrengo bi urteetarako inbertsioa izango dela zehaztu dute Eguzkitik: “Garbiketa kaietan, alturako eta baxurako arrantzari lotutako enpresa lan eremuetan, amarralekuetan eta portuko uretan ere egingo omen da. Izan ere, portuan atrakatzen duten ontziek hondakin flotagarri asko sortzen dituzte, eta horiek jaso egin behar dira”.

Horrez gain, gasolio, olio edo bestelako isurketen aurrean ezikusiarena egiteari uzteko exijitu die Eguzkik Eusko Jaurlaritzako portuetako arduradunei: “Ontzi kopurua nabarmen jaitsi den arren, portuen egoera ekologikoa txarra da, batez ere, Ondarroan. Bistan da portuen garbiketa gastu handia dela, denon artean ordaindu behar duguna. Gauzak horrela, ahalegin handiagoa egin beharko da ez zikintzeko. Garbiena ez baita gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik”.