Euskadiko Triatloi Zirkuituan hainbat sari eskuratuta "harro" daude eskualdeko kirolariak
Markina-Xemeingo Alarabi Triatloi Taldeko eta Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeko nahiz Garraitz Kirol Taldeko kirolariek hainbat sari eskuratu dituzte Euskadiko Triatloi Zirkuituan.
Euskadiko Triatloi Zirkuituko sarituak. Euskadiko Triatloi Zirkuitua Euskadiko Triatloi Zirkuituan egin beharreko lan denak amaitu dituzte kirolariek, eta joan den azaroaren 12an jaso zituzten taldeek egindako lanaren fruituak. Hala, eskualdeko hainbat talde eta kirolari izan ziren bertan sarituak, eta tartean egon ziren Alarabi Triatloi Taldeko zenbait markina-xemeindar ere. Lekeitiarrak ere ez ziren atzean geratu, eta Amandarri Triatloi Taldekoek nahiz Garraitz Kirol Taldekoek hainbat sari eskuratu zituzten.
Alarabiko kideei dagokienez, denboraldi guztian egindako lanak “bere fruitua” eman duela adierazi dute sare sozialetan, eta lorpenekin “harro” dagoela taldea: “Harro gaude lortutakoarekin. Hala ere, ezin dugu ahaztu gainerako taldekideek ere urte osoan egin duten esfortzua; presentzia eta talde giroa funtsezkoak izan dira emaitza hauek posible izan daitezen”.
Galdakaoko Torrezabal Kultur Aretoan izan zen sari banaketa. Triatloietan, 23 urtez azpikoen mailan Eneko Ibarzabal izan zen txapelduna, 1.926,88 puntu lortuta; guztira zazpi triatloitan parte hartu du. Beteranoen V2 mailan, ostera, Ibon Ibarzabal izan da txapelduna eta V1 mailan, Arkaitz Plaza, azpi txapelduna.
Alarabikoek taldekideak zoriontzeaz gain, eskualdeko talde eta kirolari denek egindako lana ere goraipatu nahi izan dute: “Talde eta kirolari gehiago izan ziren sarituak, eta horrek erakusten du gure eskualdeak diziplina honetan daukan maila altua”. Hala, Lekeitioko Garraitz Kirol Taldeari dagokionez, EƱaut Zabala Plazak gizonezkoen kadeteetan lortu du txapela, 1.483,17 puntugaz, eta Aner Larreategi Erkiagak, ostera, 23 urtez azpiko duatloiko txapela, 1.539,76 puntugaz. Triatloian, ostera, emakume beteranoen mailan Garraitzeko Paula Estefania Castro Arroyo kirolariak lortu du lehenengo postua, 1.689,62 puntugaz. Gazteetan, aldiz, talde bereko Urko Larreategi Erkiagak lortu du duatloiko txapela, 1.222,78 puntugaz, eta Julen Ugalde Zabaletak triatloiko bigarren postua, 1.207,76 puntugaz.