20 herritar inguru elkartu ditu sendabelarren tailerrak
Titu ba prozesuaren baitan, sendabelarrak ezagutzeko ibilbidea eta tailerra egin dituzte Arretxinagan. Antolatzaileak pozik agertu dira ekintzagaz, eta hurrengoetan ere parte hartzera gonbidatu diete herritarrei.
Arretxinagako sukaldean elkartu ziren.Titu Ba Domekan [azaroak 16], Titu ba prozesuaren baitan, sendabelarrak ezagutzeko tailerrean murgildu ziren markina-xemeindarrak. Oihana Lekunberri Ansola adituak haren jakintza partekatu zuen 20 partaide ingururekin, eta goiza gustura pasa zuten: “Espero baino jende gehiago egon zen, eta pozgarrian izan zen hori guretzat. Gauza pila bat ikasi genituen”.
Arretxinaga inguruan ibilaldia egin zuten lehenengo, zenbait belar aurkitzeko: “Ordu erdi inguruz ibili ginen belarren bila. Oihanak esan zigun ez zela momenturik onena belar batzuk aurkitzeko, udaberrian eta udan izaten dela momenturik onena horretarako, baina hala ere aurkitu genituen batzuk. Belar bakoitzaren ezaugarriak eta propietateak azaldu zizkigun, eta Arretxinagako sukaldera joan ginen jarraian”. Sukaldean Lekunberrik belar desberdinen inguruan hitz egin zuen, eta liburuak gomendatzeko tartea ere hartu zuen. Azalpenak amaituta, lanari ekin zieten: “Hilekoaren minarentzako ukendu bat egin genuen, eta bakoitzak etxera eroan zuen ontzitxo bat”.
Titu ba! prozesuko kideek adierazi dutenez, aurrerantzean halako hainbat ekintza antolatzea da asmoa: “Hemendik aurrera ekintza solte batzuk antolatzen joango gara. Domekakoa izango da lehenengoa, eta horren ostean antolatzeko baditugu beste tailer batzuk ere buruan. Azaroaren 25aren harira ere, Morelarreko gazte feministekin zerbait antolatu nahian ari gara”. Hala, ekintza denen parte hartzera gonbidatu dituzte herriko emakumeak: “Markina-Xemeingo emakume denak gonbidatuta daude egingo ditugun ekintza nahiz bileretara; proposamen desberdinak jaso, eta denon artean agenda feminista bat antolatu nahi dugu”.