Gazte lokalen erabilera eta bizikidetza hobetzeko plana martxan dago
Lehen faseko datuak entregatzeko azkenengo eguna abenuaren 12a izango dela zehaztu du Mutrikuko Udalak.
Gazte lokalak- Bizikidetza eta erantzukizuna plana jarri du martxan Mutrikuko Udalak, herriko gazte lokalen erabilera eta bizikidetza hobetzeko: “Gazteentzako aisialdirako espazio seguru, garbi eta egokian bermatzea da helburua, baita auzokideen lasaitasuna zaintzea ere”. Hala, lau hilabetez gazteak, lokalen jabeak eta udala elkarlanean arituko dira.
Lehenengo, Mutrikuko Udalak Gazteen Aisialdiko Lokalen Udal Ordenantzak aurreikusten duen lokalen erregistro ofiziala eguneratzeko asmoa dauka. Horretarako, beharrezkoa izango du gazteen eta lokalen jabeen parte hartze zuzena: “Galdetegi labur bat zabalduko da gazte taldeei eta lokalen jabe edo titularrei begira, bakoitzaren egoera eta konpromisoa jasotzeko”. Udalak “elkarlan gisa” ulertzen du prozesua, eta ez “ikuskapen gisa”.
Lehenengo fasean oinarriak jarriko direla azaldu dute udaletik: datuak eguneratuko dira, eta harreman zuzenak sortuko dira lokalen erabiltzaile zein jabeekin. Beraz, fase honetan galdetegiak betetzeko bi aukera izango dituzte parte hartzaileek: online bidez udal webguneko galdetegia bete eta gobernazioa@mutriku.eus helbidera bidalita, edo Udaletxeko sarreran galdetegia eskatu eta entregatuta. Abenduaren 12a izango da galdetegia betetzeko azkenengo eguna.
Lau atal. Planak guztira lau atal izango dituela azaldu du Mutrikuko Udalak. Lehenengoak, erregistroa eta lankidetza abiaraziko ditu; bigarrenak, gazte eta jabeen arteko komunikazioa eta jarduera arduratsuak sustatuko ditu; hirugarrenak, bisita lagunkoiak eta prebentzio lana bultzatuko ditu; eta laugarrenak, balorazio eta etorkizuneko hobekuntza neurriak aurkeztuko ditu.
“Prozesuaren bitartez Mutrikuko udalak eredu iraunkor eta parte hartzaile bat sendotu nahi du, bizikidetza eta gazteen aisialdi osasuntsua uztartzen dituena”. Horrez gain, Mutrikuko Udaletik gogorarazi dute prozesua ez dela “zigortzeko helburuekin” jarri martxan, lokalen egoera hobetu eta auzotarrekin bizikidetza hobetzeko asmoarekin baizik.