Kontzezio Eguneko bertso jaialdirako sarrerak, salgai
Abenduaren 8an Uni frontoiko oholtzara igoko dira Xabat Galletebeitia, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Jone Uria. Sarrerak salgai daude.
Batzuek asetuta izango dute bertso gosea Bizkaiko, Nafarroako nahiz Iparraldeko bertso txapelketekin, baina bestelako giroa sortzen da Uni frontoian Kontzezio egunean. Lehiakortasuna alde batera utzi, eta elkar lagunduz nahiz xaxatuz, punta-puntako saioa eskaintzen dute urtero bertsolariek. Hala, aurtengoan ere maila goreneko bertsolariak elkartuko ditu Amaiur Kultur Elkarteak abenduaren 8an: Xabat Galletebeitia, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Jone Uria. Gai jartzaile lanetan, ostera, Amaia Agirre ariko da.
17:30ean ekingo diote bertsolariek beren lanak egiteari. Ohiko tokietan eskuratu daitezke sarrerak, 12 euroren truke: Ateun harategian eta Tate gozotegian. Sarrerarik geldituko balitz, takilan salgai jarriko dituzte egunean bertan. Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute berogailuak jarriko dituztela hotzari aurre egiteko.
Beste urte batez, etxean aritzeko aukera edukiko du Ibarzabalek; Bizkaiko Bertsolari Txapelketan ez parte hartzea erabaki zuen arren, gaur gaurkoz, hark jarraitzen du txapelduna izaten. Uriak eta Galletebeitiak, ostera, aurten bigarrenez zapalduko dute Markina-Xemeingo plaza, izan ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako bigarren itzulira sailkatu dira, eta zapatu honetan [azaroak 22] ere, Unin abestuko dute; orduan erabakiko dira finalera sailkatuko diren bertsolariak.
Plaza errepikatuko dute, era berean, Lujanbiok, Arzallusek eta Iturriagak ere; Unin behin baino gehiagotan abestutakoak dira hiru bertsolariak. Lujanbiori dagokionez, hiru aldiz eskuratu du Euskal Herriko txapela, eta bera da uneko txapelduna ere, 2017az geroztik. 2009an, 2013an eta 2022an buruz-burukoa Arzallusekin lehiatu zuen gipuzkoarrak, eta beraz, Euskal Herriko uneko txapeldunordea ere, Uniko oholtzan egongo da. Iturragari dagokionez, Bizkaiko bi txapel ditu durangarrak, eta zortzi aldiz sailkatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera ere.