Gaztainen jaia ospatuko du Ondarroako Galiziar Etxeak
Zapatuan [azaroak 22] eta domekan [azaroak 23] Magosto jaia ospatuko dute Itsasaurren. Galiziako produktuak eta gaztaina erreak dastatzeko aukera egongo da.
Galiziar kultura, gastronomia eta tradizioak uztartuko ditu asteburuan Ondarroako Galiziar Etxeak antolatutako Magosto egunak. Gaztaina erreak izango dira protagonista zapatuan [azaroak 22] eta domekan [azaroak 23] Itsasaurre inguruetan, eta galiziar produktuak dastatzeko aukera ere egongo da. “Galizian gaztainen jaia Magosto izenez da ezaguna. Pagano jatorriko ospakizun tradizionala da, eta udazkeneko uzta omentzeko modua da. Su baten inguruan ospatzen da jaia, gaztainak erre, eta ardoa eta txorizoarekin nahastuz”.
12:00etan hasiko dira gaztainak erretzen, eta Ondarroako Galiziar Etxeko Os Novos Mariñeiros gaita taldeak girotuko du Itsasaurre:”Galizian Magosto eguna azaroaren 11 bueltan ospatzen da, eta uzta ospatzeaz gain, jai giroan oinarritutako eguna izaten da; lagunekin eta familiako kideekin batuz”.
Domekan [azaroak 23] emango diote amaiera jaiari. Ordura arte gaztaina erreak dastatzeko aukera egongo da Ondarroan: “Asteburuan galiziar kultura, gastronomia eta tradizioak herritarrekin partekatuko ditugu. Beraz, animatu Magosto jaia ospatu eta gure kultura gehiago ezagutzera”.