Haur eta nerabeen kontrako sexu abusuen prebentziorako nazioarteko egunean nahikoa dela aldarrikatu dute
Haur eta nerabeen kontrako sexu abusuen prebentziorako nazioarteko egunaren harira, elkarretaratzea egin zuen atzo Ondarroako Mugimendu Feministak.
Elkarretaratzea egin zuten atzo. Ondarroako Mugimendu Feminista. Haur eta nerabeen kontrako sexu abusuen prebentziorako nazioarteko egunaren harira, Alamedan batu ziren atzo ondarrutarrak, Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzean. “Haur eta nerabeen kontrako sexu abusurik ez!” lelopean “nahikoa” dela aldarrikatu zuten: “Ez dugu onartuko ume eta nerabeen kontrako indarkeria sexuala ikusezina bihurtzerik, eta isilarazterik ere”.
Haur eta nerabeen kontrako indarkeria sexuala ez dela “gertakari isolatu bat” adierazi zuten Mugimendu Feministatik: “Sisitema zisheteropatriarkal kapitalistak elikatzen duen botere harremanen ondorio zuzena da. Indarkeria mota hau, ez da gorputzen kontrako eraso bat bakarrik; bizitzaren, konfiantzaren eta duintasunaren kontrako atentatu bat da. Eta jendarte osoa da honen erantzule”.
Patriarkatuan fokua jarrita, honek ume eta nerabeen gorputzak kontrolatzeko, isilarazteko eta desjabetzeko mekanismoak sortzen dituela zehaztu zuten: “Horren adibide argiak dira isiltasuneko kultura, lotsan oinarritutako diskurtsoak eta eremu pribatuko kontuak direnaren diskurtsoak. Gainera, sistema judiziala, bigarren mailako erasotzaile bihurtzen da gehienetan, umeen testigantzak zalantzan jartzen dituelako, eta denbora luzeko prozesuetan gatibu uzten dituelako, errudunari babes juridikoa eskaintzen dion bitartean”.
Hala, egiturazko aldaketa bat exijitu zuten atzo Alamedan: “Haur eta nerabeen kontrako indarkeria sexuala, ezin da familia eremuan utzi, eremu politiko, juridiko zein hezkuntzan txertatu behar da. Hezkuntza afektibo-sexuala ezin da luxu bat izan, premia demokratiko bat baino. Prebentzio feminista ez da aukera bat, betebeharra baizik”.
Ume eta nerabeak ez direla guraso, eliza edota estatuaren jabetza azpimarratu zuten atzo: “Subjektu osoak dira, gorputzaren eta bizitzaren gaineko eskubideak dituztenak. Horregatik, ozen aldarrikatzen dugu ez dugula onartuko ume eta nerabeen kontrako indarkeria sexualik, ez etxean, ez ikastetxean, ezta elizan ere. Horrez gain, ez dugu sistema judizialaren isiltasunik onartuko, ezta komunikabideen morbo eta hipokrisiarik ere”.
Honen aurrean, ume eta nerabeen salaketen aurrean “ardura hartzeko” eskatu dio Mugimendu Feministak jendarteari: “Guk gure ahotsa altxatzen dugu eta beren mina gure borroka bihurtzen dugu”.
Udalaren adierazpena. Bestalde, Ondarroako Udalak ere haur eta nerabeen kontrako sexu indarkeriaren prebentziorako nazioarteko egunaren harira, adierazpena zabaldu zuen kanal ezberdinetatik. Bertan, haur eta nerabeen kontrako indarkeria sexuala ikuspegi feministaren prismatik begiratzea “ezinbestekoa” dela azpimarratu zuten: “Hau gertatu ezean, ikuspegi, sozial, politiko eta juridiko patriarkala nagusitu edo indartzen delako”.
Datuetan oinarritu zen Ondarroako udala, eta haur eta nerabeen kontrako indarkeriaren “larritasuna” azpimarratu zuen: “Orokorrean, bost umetik batek sexu indarkeria jasaten du. Aldiz, datu zehatzek, lau neskatotik batek eta zazpi mutikotik batek jasaten dutela adierazten dute. Datu hauek ere, behin eta berriz, adierazten den matxismoa azaleratzen dutelarik”.
Hala, Ondarroako Udaletik herritar guztiei jarrera aktiboa izateko deia egin zieten, eta udalak ere, haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela azpimarratu zuen: “Indarkeria matxistaren prebentzioan lanean jarraituko du, besteak beste, udal hezkidetza egitasmoaren bitartez. Horrez gain, sexu aholkularitza gunearen bitartez, herritarrei eta herriko ikastetxeei sexualitatea modu osasuntsuan bizitzeko eta tratu onetan oinarritutako harremanak eraikitzen jarraitzeko tresnak eskaintzeko bermea hartzen du udalak”.