Janire Atxurra: «Sortzen dudan edukiaren oinarrian umorea dago beti»
Janire Atxurra (Aulesti, 2000) eduki sortzaileak urtebete eskas darama sare sozialetan, eta jada sortu du bere komunitate «txiki eta ederra». Euskarazko edukiak sortzen ditu, aulestiarrez, eta umorea da sortzen duen guztiak oinarrian daukan elementua.
«Naturaltasunez» agertzen da kamera aurrean Janire Atxurra eduki sortzailea, hori baita kameraren beste aldean dagoenari transmititu nahi diona. Urtebete darama mundu horretan, eta bere edukiak Euskal Herriaren luze zabalean ibili dira handik eta hemendik. Gainera, sare sozialen munduak bestelako ateak ireki dizkiola azaldu du aulestiarrak.
Urtebete inguru daramazu sare sozialetan edukia sortzen. Zerk bultzatu zintuen zure egunerokotasuna publiko egitera?
Betidanik izan dut edukiak sortzeko gogoa, baina ez naiz ausartu, kritiken beldurrez. Gaztetan Youtubeko kanala ireki nuen, baina komentario desegokiengatik itxi egin nuen. Hala ere, barruan geratu zitzaidan nahi hori. Azkenean, modu naturalean, sareetan aktiboago egoten hasi nintzen, nire egunerokotasuna gehiago kontatzen.
Nola definituko zenuke sortzen duzun edukia?
Nire edukia, batez ere, umorea da; sortzen dudan edukiaren oinarrian umorea dago, beti. Ez du formatu finkorik; burura datorkidana egiten dut, askatasunez. Guztia tonu natural eta espontaneo batekin egiten dut. Euskal literaturari ere lekua ematen diot, niretzat oso garrantzitsua baita.
Literatura aipatu duzu. Zelako lekua du literaturak zure sare sozialetan?
Oso garrantzitsua da niretzat. Neguan, Euskadi Irratiko Amarauna saioan kolaboratzen dut, bi astetik behin, entzuleek proposatutako liburuak irakurriz eta komentatuz. Literaturari eskainitako bideoek ez dute ikusle gehien jasotzen, baina asko estimatzen ditut, eta euskal literaturari sareetan tartea egitea garrantzitsua iruditzen zait.
Nondik ateratzen dituzu Tiktok eta Instagramerako bideoak egiteko ideiak?
Egunerokoan gertatzen zaizkidan egoeretatik, gehien bat. Egun txar bat badut, kontatu egiten dut; kalean zerbait gertatzen bazait, hori bihurtzen dut bideo. Ez dut ia planifikaziorik egiten: momentuan burura datorkidana grabatzen dut.
Erreferenterik izan al duzu zure hastapenetan?
Ez bereziki. Ez naiz inoiz fan modukoa izan, eta ez ditut eduki sortzaileak jarraitu modu obsesiboan. Hala ere, umorea eta komedia gustuko ditudanez, umorea egiten duten profilak izan ditut erreferentzi moduan, baina betiere, nire estilo propio naturala bilatuz.
Egunerokotasunean denbora asko pasatzen al duzu edukia sortzen?
Bideo sinpleak oso azkar grabatzen ditut, 5 minutu inguruan, eta batzuetan, ia editatu gabe igotzen ditut. Baina bideo elaboratuagoek asko eskatzen dute: 40 minutu baino gehiago grabatzen eta 30-40 minutu editatzen ematen ditut. Kalean edo autobusean ditudan tarte libreak aprobetxatzen ditut askotan.
Euskaraz sortzen duzu eduki guztia. Hautu bat izan al da?
Hasieran ez, natural ateratzen zitzaidan moduan hitz egiten hasi nintzen. Baina ikusita horrek eztabaidak sortzen zituela, eta jende askok gaizki ikusten zuela, are gehiago sendotu da nire hautuan. Gaur egun bai, hautu kontzientea da, eta ezin dut nire burua beste hizkera batean hitz egiten imajinatu. Aulestiarrez hitz egiten dut bideoetan, eta horrek, zenbait eztabaida sortu ditu sare sozialetan. Nik, ordea, edukiak aulestiarrez sortzen jarraituko dut, hori baita egunerokotasunean hitz egiten dudana.
Aterik ireki dizu edukiak sortzen hasteak?
Bai, eta oso eskertuta nago aukerak eman dizkidatenekin. Euskal hedabide ezberdinetan kolaborazioak egin ditut, eta guztiek oso ondo hartu naute. Euskaraz edukiak sortuta, sare sozialetatik bakarrik ezin da bizi, baina bertako lanaren ondorioz, ateak ireki daitezke. ETBn, irratian, aldizkarietan… leku ezberdinetan egon naiz, eta gainera, oso gustura. Horrez gain, bertoko komertzioekin ere lan desberdinak egin ditut. Jasotako aukera horiek guztiek jarraitzeko bultzada handia eman didate.
Ez da berdina izango hiri batean edo Aulesti bezalako herri txiki batean eduki sortzailea izatea. Nola bizi duzu?
Hasieran, lotsa sentitzen nuen, herri txikietan denek ezagutzen dugulako elkar. Baina harrera oso ona izan du bai lagunengandik, bai familiarengandik eta herritarrengandik ere. Are gehiago, herritarrek harrotasunez aipatzen dutela sentitzen dut: ‘Janire gure herrikoa da’. Horrek poza eta motibazioa ematen dit.
Lagun, familia eta herritarren babesaz gain, zure komunitatea ere sortu duzu sare sozialetan. Nolakoa da komunitate hori?
Komunitate oso jatorra, sanoa eta leiala daukat. Zuzenekoetan behin eta berriz agertzen diren 30 bat lagunen komunitate txiki bat sortu dugu. Nire jarraitzaileekin harreman hurbila izaten saiatzen naiz, nahiz eta askotan zaila egiten zaidan guztiengana heltzea. Hala ere, elkarreragina oso naturala da. Oso pozik nago sortu dugun komunitate txiki eta ederrarekin.