Tradizioak eta auzolanak bat egingo dute Santa Katalina egunean
Domekan [azaroak 23] jai giroan murgilduko dira Gizaburuagan, Santa Katalina eguna ospatzeko. Besteren artean, barraskilo lasterketa eta herri bazkaria egingo dituzte.
Egunak mozten eta hozten doazen arren, badago oraindik ere ospakizunetarako tartea zenbait herritar. Gizaburuagan Santa Katalina eguna ospatuko dute domekan [azaroak 23]: tradizioak eta auzolanak bat egingo dute herriko kaleetan, eta komunitatearen berotasuna izango da protagonista egun guztian. Olazar Kultur Elkarteak antolatuta eta Gizaburuagako Udalaren laguntzagaz, egun guztiko egitarauan murgilduko dira.
Ospakizunak tradizioz beteta hasiko dituzte, 10:30ean, meza nagusiarekin, eta jarraian, aldarrirako tartea hartuko dute. Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta, 12:00etan puntu morea marrazteko bilduko dira herritarrak, eta 13:30ean udaletxeko balkoian ipiniko dute, aurtengo mezua irakurtzeagaz batera.
Tartean, baina, eguneko pasarterik bereziena hasiko da: barraskilo lasterketa. Umorea eta jolaserako gogoa elkartuko dira une horretan, eta ohitura xume baina maitatu horrek herriko ume zein helduen arreta eskuratuko du. Egun ezin hobeak dituzte aurretik herritarrek barraskiloak batzeko, eta horretarako deia egin dute, hain zuzen ere, antolatzaileek.
Ondoren, herri bazkarian elkartuko dira: 14:00etan hasiko da umeena (14 urtetik beherakoentzat doakoa), eta 15:00etan nagusiena (15 euro). Elkarrekin bazkaldu ostean, bingoan jokatuko dute. Umeek, gainera, bazkaldu eta jarraian ludotekan jolasteko aukera edukiko dute, 18:00ak bitarte.
Jaiak amaitzeko, azaroaren 25ean meza egongo da, 11:00etan.
Domekako egitaraua.
- 10:30. Meza.
- 12:00. Puntu morea marraztea.
- 12:30. Barraskilo lasterketa.
- 13:30. Puntu morea udaletxeko balkoian jartzea eta mezuaren irakurketa.
- 14:00. Umeen bazkaria (14 urtetik beherakoentzako, doan).
- 15:00. Nagusien bazkaria (15 euro).
- Ostean. Bingoa.
- 15:00-18:00. Umeentzako ludoteka.