Animalien hutsunea beteta geratu da Berriatuko Azokan
Goiza astiro hasi duten arren, eguerdirako jende ugari elkartu da plazaren inguruan. Elikagaien eta artisauen azoka izan da aurtengoa, eta animalien ordez, bi erakusketa ere ipini dituzte ikusgai; herritarrek gustura hartu dute animalen hutsunea betetzeko alternatiba.
Atzo [azaroak 21] Euskal Herriko zenbait txoko elurtuta esnatu ziren arren, gaur [azaroak 22] eguzkia izan da nagusi. Ederki probestu dute hori berriatuarrek elikagaien eta artisauen azokan; animalien hutsunea somatu den arren, ez dute aspertzeko astirik eduki, eta herritarrak ez ezik, inguruko herrietako azokazale ugari ere elkartu da Berriatuan.Â
10:00etan zabaldu dute azoka, eta ohi bezala izan da goizean goiz bertaratu denik ere. Hala ere, jende gehien eguerdian elkartu da bertan, eta plazan egon diren 30 postuetan denetariko produktuak erosteko aukera eduki dute; 16 p0stu elikagaienak izan dira, eta 14, artisauenak. Belarritakoak, lepokoak, poltsak, motxilak nahiz bestelako hamaika produktu saldu dituzte artisauek, eta gazta, eztia, ogia, gozoa eta sagardoa bezalako produktuak, ekoizleek. Gainera, azoketako izarra ere ez da falta izan: ilara luzeak sortu dira herriko Hostozabal elkarteak egindako taloak jateko.
Hutsunea, beteta. Animalien hutsunea bete nahi izan dute antolatzaileek, eta hala, bi erakusketa ere egon dira ikusgai. Alde batetik, baserriko tresna zaharren erakusketa egon da, eta bertaratu direnen begirada ugari erakarri ditu. Bestetik, Lea-Artibaiko emakume baserritarren erakusketa ipini dute, eta herritarrek gustura hartu dute berritasuna: “Egia da animalien falta direla igartzen dela, eta pena da, ze, bizitasuna ematen diote azokari. Hala ere, bi erakusketak asko gustatu zaizkigu, eta ondo dago alternatiba bezala”.Â
Elikagai eta artisauen azoka eta bi erakusketak ez ezik, musika ere ez da falta izan. 12:30ean irten dira kalera Tarine musika eskolako trikitilari eta pandero jotzaileak, eta giro bikaina ipini dute herriko kaleetan zehar. Egunagaz amaitzeko, 38. Berritxu Sariko finalak jokatuko dituzte Mendibarren frontoian, 16:30etik aurrera: “Urtero giro ederra egoten da frontoian, eta aurten ere, hala izatea espero dugu. Goizean gustura ibili gara azokan, eta jendetxoa ibili da, beraz, espero dugu frontoira ere jendea etortzea”.