Gaztain-erre usainez bete da Itsasaurre
Laugarren urtez antolatu du Ondarroako Galiziar Etxeak jai tradizionala, eta musikagaz girotuta, gaztaina erreak eta galiziar produktuak dastatu dituzte herritarrek; bihar ere jarraituko du ospakizunak.
Ondarroako Itsasaurren elkartu dira gaur [azaroak 22] eskualdeko galiziarrak, eta baita galiziar kulturarekiko jakin-mina duten herritarrak ere. Ondarroako Galiziar Etxeak laugarren urtez antolatu du Magosto Eguna, eta aurreko urteetan hartutako inertziari jarraituz eta eguraldi eguzkitsua lagun, herritarrak erakarri ditu gaztainaren jaiak.
Goizetik hasi dira gaztainak erretzen, eta hotza egiten zuen arren, giro beroa sortu da Itsasaurre inguruan. Gaztaina erreak eta galiziar produktuak izan dira protagonistak, eta herritar askok aprobetxatu dute galiziarren udazkeneko ospakizun tradizionala gertutik ezagutzeko. “Magosto guretzat jai berezi-berezia da, eta pozgarria da jendeak gustura hartzen duela ikustea”, adierazi dute antolatzaileek.
Musikak ere ezin izan du hutsik egin. Ondarroako Galiziar Etxeko Os Novos Mariñeiros gaita taldeak girotu du goiza, eta gustura aritu dira beste behin ere. Taldeko kideek nabarmendu dute pozgarria dela gaztetxoak ere taldean batzen hastea: “Ez da erraza instrumentu tradizionalekiko interesa piztea, baina badirudi jarraipena bermatzen ari dela, eta hori pozgarria da guretzat”.
Eguerdian jai giroa izan da nagusi, eta bihar [azaroak 23] ere, hala izango da, izan ere, gaztaina erreak nahiz galiziar produktuak salduko dituzte 12:00etatik aurrera.