Markina-Xemeingo finalaurrekoa Txaber Altubek irabazita, osatuta gelditu da finaleko zortzikoa
Zapatuan Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra bosgarren sailkatu zen. Bertan erabaki ziren aurtengo txapelketaren zortzi finalistak, eta Galletebeitia izango da eskualdeko ordezkari bakarra.
Txaber Altubek irabazi du finalaurrekoaBertsozale Elkartea.. Markina-Xemeingo Uni Frontoian argitu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren zortzi finalisten zerrenda, herenegun arratsaldean [azaroak 22]. Finalaurrekoen bi itzuliak amaituta, ondorengo bertsolariak sailkatu dira abenduaren 20ko Bilboko Casillako finalera, puntuazioaren araberako ordenan — finalaurrekoetako bi bueltetako puntuak pilatuta— : Aitor Bizkarra Ruiz abadiñarra (1.313,5 puntu), Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarra (1.293 puntu), Jone Uria Albizuri getxoztarra (1.279,5 puntu), Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra (1.267 puntu), Onintza Enbeita Maguregi muxikarra (1.258 puntu), Oihana Bartra Arenas bilbotarra (1.249,5 puntu), Txaber Altube Sarrionandia abadiñarra (1.246 puntu) eta Gorka Pagonabarraga Agorria durangarra (1.218 puntu).
Finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri, eta saioa zuzenean ikusi ahalko da ETB1 katean.
Azkenengo finalaurrekoa. Kanpoan hotza egon arren, ia 700 lagun batu ziren zapatuan Markina-Xemeingo Uni Frontoian, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azkenengo finalaurrekoa ikusteko prest. Sei bertsolari aritu ziren lehian, eta Altubek lortu zituen puntu gehien: 638,5 puntu. Uria sailkatu zen bigarren (630,5 puntu), Bartra hirugarren (620 puntu), Pagonabarraga laugarren (614 puntu), Galletebeitia bosgarren (614 puntu) eta Imanol Uria Albizuri (594 puntu) seigarren.
Gai-jartzaile lanetan Zihara Enbeita Gardoki aritu zen, eta epaimahaia, bestalde, honako bertsolariek osatu zuten: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Garazi Mendoza Agirre, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Marta Ortiz Mateo, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanak, ostera, Itziar Basterretxea Olarreagaren esku geratu ziren.