Amaia Barredo: "Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko lanak mugarri izango dira"
Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko proiektua aurkeztuko dute Eusko Jaurlaritzako Itsas-Gaietako zuzendaritzaren ordezkariek barikuan [azaroak 28], 19:00etan, udaletxean.
Mutrikuko portuko kanpoko dikea eraikitzeko lanak duela hogei urte hasi zituzten. Urte horietan portuaren errealitatea aldatu den bezala, bere beharrak ere aldatu egin dira, eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren hitzetan, “ezinbestekoa” da portuko babes-dikea sendotzeko obrei ekitea, obra amaitzeko.
Horrela, babes-dikearen beraren “egonkortasuna bermatu” nahi dute, olatuen aurrean, baita porturako itsas sarbidea hobetu eta kirol-dartsenaren barruko asaldura murriztu ere. Horri esker, portuko jarduera “segurtasun handiagoarekin” garatu ahal izango da.
Jatorrizko proiektua eguneratu eta udalerriko bizilagunek adierazitako kezkak jaso ditu Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, eta, orain, obraren lizitazio-prozesua irekitzea ahalbidetuko duen espedientea onartu dute. Kontratazio horretarako 10.750.000 euroko aurrekontua onartu dutela jakinarazi dute.
Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko proiektua aurkeztuko dute barikuan [azaroak 28]. Portuko Kontseiluaren bileran aztertuko dute goizean, eta arratsaldean, aldiz, Eusko Jaurlaritzako Itsas-Gaietako zuzendaritzaren ordezkariek udaletxean aurkeztuko dute proiektua, 19:00etatik aurrera.
Dikea sendotzeko lanetan, dikea egungo punturaino egokitu, dikea desmuntatu eta jatorrizko proiektuaren erdira baino gutxiagora arte luzatuko dute, “udalak eta Eusko Jaurlaritzak itxitako akordioaren ondoren”.Era berean, babes-dikera sartzeko bidearen hasieran, argiztapen eta drainatze zerbitzuen sareak aurreikusi dituzte eta obra-eremu osoan akabera mota desberdinak dituen zoladura ipiniko dute. Gainera, azpiegitura horren babesean aisialdirako gunea sortuko da, “baita itsasoaz gozatzeko eta uretako jarduerak egiteko gunea ere”.
Sailburuaren arabera, “Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko lanak mugarri izango dira bai Mutrikurentzat, bai euskal kostalde osoarentzat”. Azpimarratu du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak azken hamarkadan izan duen lehentasunezko helburuetako bat beteko duela lanokin; hau da, portu-babeseko azpiegiturak indartzeko eta egokitzeko beharrari erantzutea, azken urteotan ikusten ari diren olatuen inpaktu- eta altuera-energia apartaren aurrean. Helburu hori 2014. eta 2016. urteetan euskal kostaldeko hainbat herritan izandako denboraleek eragindako kalteen ondorioz ezarri zela azaldu du. “Mutrikuko dikea amaituz, amaitutzat emango dira epe laburrean EAEko portuetako babes-dikeak indartzeko eta egokitzeko programatutako jarduera nagusiak”, adierazi du sailburuak.