Mutriku Natur Taldea: "Diru publikoa ikaragarri xahutu da, eta herri-eredua jokoan daukagu"
Mutrikuko portuko dikea babesteko obran "esleipen asko" egon direla eta herri galdeketan eta partaidetza prozesuan erabakitakoa "ez dutela beteko" salatu dute Mutriku Natur Taldeko kideek. Herri Kontuen Euskal Epaitegira jotzeko prest daudela adierazi dute.
Mutriku Natur Taldeko kideek adierazi dutenez, portuko babes-dikea sendotzeko proiektuari buruz galdetu diote Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Proiektuak ingurumen ebaluaketa pasatu duen galdetu dute, eta bertan erantzun diete “proiektua ez dela aurkeztu”.
Mutrikuko portuko dikea babesteko obran “esleipen asko” egon direla eta partaidetza prozesuan erabakitakoa “ez dutela beteko” salatu dute Mutriku Natur Taldeko kideek: “Ez dakigu zenbat bider ordaindu den obra berbera. Gure ustez, diru publiko ikaragarria xahutu da. Gainera, oleomotrizatik at, kirol portuan ere eraiki da”. Herri Kontuen Euskal Epaitegira jotzeko prest daudela adierazi dute: “Ikusiko dugu nola bukatzen den hau. Dakigun gauza bakarra da ez dutela beteko herri galdeketan 900 bozkarekin irtendako emaitza, ezta udalak antolatutako partaidetza prozesuan erabaki, eta alderdi politikoek betearazteko eskatutako konpromisoa ere”.
Gardentasun falta eta herritarren eta eragileen iritzia aintzat ez hartzea kritikatu dituzte: “Gardentasun faltak, harrokeriak eta herritarroi eta mugimendu sozialari barre egiteak bere ondorioak dakartza, eta gaizki hasitakoa nekez bukatuko da ondo”. Natur taldekoen iritziz, herri-eredua jokoan dago: “Herri modeloa daukagu jokoan, ez bakarrik portuko ingurua. Etorkizuneko belaunaldi mugimenduen eskariarekin bat egiten dugu. Gaur egungo edonolako obrek edo plangintzek etorkizuneko belaunaldiak kontuan hartu beharko lituzkete, jaio gabeen eskubideak ere ezin digulako zapuztu eta goitik behera kaltetutako mundu bat laga”.
Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskatu dute Mutriku Natur Taldeko kideek; izan ere, diotenez, 2004ko adierazpena erabiliko dute, eta legeak aldatu direnez, hura baliatzea ez dute begi onez ikusten: “Ingurumen-inpaktuaren adierazpena ez da berriro egin; 2004ko Portuko Plan Berezian jasotako ingurumen-inpaktuaren adierazpena baliatu nahi dute obra eraikitzeko, baina 21 urtetan legeak asko aldatu dira eta ez da bidezkoa”. Gainera, proiektu berriari buruzko informaziorik ez dutela zehaztu dute: “Ez dugu arrastorik zertan datzan. Aurreko lizitazioan Arantxa Tapia zegoen kontseilari eta Europako Batasuneko Aldizkari Ofizialean aurkeztu zuten lizitazio prozesua. Gardentasun falta horrek legez kanpo dabiltzala adierazten du. FCC enpresari esleitu zioten obra, baina inoiz dokumentatu ez diguten arrazoiengatik, obratik alde egin zuen, indemnizazioa potoloa jasoz, baina hori zenbatekoa izan den ere ez dute nahi aipatu”. Dikearen obra 2004.urtean esleitu zuten ia 20 milloi eurotan, eta ondoren legeak ezuzteengatik baimentzen duen %20a igo zuten, “ingurumen ebaluaketa egin gabe eta bere kostua ikusirik, esleipen berri bat egin gabe”: “Kontuan da gutxienez 24 milioi euro ordaindu zietela Urazka-Mariezcurrena ABEEri, baina lanak burutu gabe”.