Remigia Etxarren funanbulistaren bizitza gogoratuko dute
'Argako erregina' ikuskizuna egongo da zapatuan [azaroak 29] Ondarroako Kofradia Zaharrean. Remigia Etxarren iruñearra zen arren, Ondarroan gertatu zitzaion ezbehar batek bere bizitza norabidez aldatu zuen.
Euskal Wikiemakumeok taldearen ekimenez eta Ondarroako Udalak antolatuta, Argako erregina ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da zapatuan [azaroak 29] Ondarroan. 19:00etan ipini dute hitzordua, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan, eta Remigia Etxarren iruñearraren bizitza ezagutzeko aukera emango du ikuskizunak.
Wikiemakumeok taldeko kideek adierazi dutenez, “oso emanaldi berezia” izango da: “Remigia funanbulista izan zen XX. mendearen hasieran. ‘Argako erregina’ deitzen zioten, Iruñeako Arga ibaia soka gainean pasa izan zuelako behin baino gehiagotan”. Gainera, Ondarroarekin ere badauka lotura Etxarrenek: “Haren bizitza betirako aldatu zen Ondarroan. 1982ko urriaren 5ean ezbehar bat gertatu zitzaion bertan: lurretik hamabost metrora soka gainean zegoen aulki batetik behera erori zen”.
Ondarroako gertakaria eta beste hamaika istorio kontatuko dituzte zapatuan, eta bertaratzeko gonbidapena egin diete herritarrei nahiz inguruetako biztanleei: “Oso interesgarria izango da, emozioz, memoriaz eta artez betetako emanaldia”. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.