Auzolanean oinarrituriko desanexio urteurrena, domekan
Argazkia: Ziortza-Bolibarko Udala. Domeka honetan [azaroak 30], desanexioaren XXI. urteurrena omenduko dute ziortza-bolibartarrek. Herriko elkarte nahiz taldeek (Kanpape, Aranbaltz eta Markola eragileak) eta udalak elkarlanean atondu dute egun osoko ospakizun egitaraua. Mimo handiz prestatu dute programazioa, egun “garrantzitsua” izango dela aurreratu baitute udal ordezkariek: “Herriko komunitatea elkartzeko data esanguratsua da, herri bat garela eta aurrera eroan behar dugula erakustekoa”. Alde horretatik, udaletik herritarrei ekimen horietan parte hartzera animatzeko deialdia luzatu diete.
10:00etan, plazan edukiko dute herritarrek hitzordua, Aranbaltzek antolatuta. Mendi irteeragaz ekingo diote egunari, Arta inguruan “ordu bi inguruko” ibilaldia eginez; amaieran, bertaratzen direnek mokaduaz gozatu ahalko dute, udalaren eskutik. Zeharkaldia, baina, eguraldiaren araberakoa izango da eta, eurite handia egingo balu, ibilbidea “apur bat laburtu” egingo lukete. Arratsaldez, 18:00retan, mitologiaren inguruan diharduen Sorgina banaiz filma proiektatuko dute udaletxean; nagusientzako filma izango dela iragarri dute. Emanaldiaren ondoren, filmaren egile Asisko Urmeneta nafarragaz solasaldia egin ahalko dute herritarrek. Izan ere, udalak proiektua aurrera ateratzen lagundu du.