Etxebarritarrak, San Andres jaiei begira
Asteburu honetan, San Andres jaiak ospatuko dituzte Etxebarrian, haur nahiz nagusientzako egun biko egitarauagaz. Zapatuan [azaroak 29], sanandresetako ospakizun aldarteak Euskararen Eguneko aldarriagaz bat egingo du. Izan ere, 18:30ean hasita, kultur aretoak herriko eskolako umeen bertsoak eta jubilatuen kanta saioa hartuko ditu. Ez hori bakarrik: iaz egin zuten legez, II. Ipuin Laburren Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute. Ondoren, parte hartzaile zein ikusle txokolate janaldian elkartuko dira.
Domeka [azaroak 30] goizean, umeek herri kirolez gozatzeko aukera edukiko dute. Arratsaldez, mahaiaren inguruanĀ jarri, eta briska txapelketa herrikoiak jokatuko dituzte. Maila bi egongo direla aurreratu dute: alde batetik, umeei zuzendua, 17 urtez azpikoentzat; bestetik, helduena, adinez nagusientzat. 18:30ean, San Andres jaietako kartel lehiaketaren sariak banatuko dituzte eta egitaraua gaztetxoentzako afari-meriendak zein nagusientzako afariak osatuko dute.
EGITARAUA
Azaroaren 29a, zapatua.
18:30. Euskararen Eguneko ekitaldia, kultur aretoan.
Azaroaren 30a, domeka.
11:00. Meza.
11:30-13:30. Umeentzako herri kirol jokoak.
16:00. Briska txapelketa herrikoia.
18:30. San Andres jaietako kartel lehiaketaren sari banaketa.
Ondoren. Umeentzako afari-merienda.
20:00. Helduentzako afaria.