Hamasei postu edukiko ditu Aulestiko IV. Azokak
Zapatuan [azaroak 29] 10:00etatik 14:00etara egongo da azoka frontoian. Hamasei postuez gain, Eusebio Bengoetxeak euskal artzain txakurren erakustaldia eskainiko du.
Egun gutxiren faltan, azken prestakuntza lanak fintzen dabiltza herritarrak Aulestiko IV. Azoka ospatzeko. Zapaturako [azaroak 29] dena gertu edukiko dute bertokoei nahiz urrunagokoei harrera egin, eta negu giroan egun eder bat igarotzeko.
Frontoia izango da epizentroa, eta hamasei ekoizle nahiz artisauren postuak egongo dira bertan, herriko nahiz inguruko eragileen postuez gain. 10:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 14:00ak arte egongo da postuetan batetik bestera ibiltzeko aukera. Hori gutxi ez, eta Eusebio Begoetxea artzainak euskal artzain txakurren erakustaldia eskainiko du.
Ekoizleei dagokienez, sei izango dira: Ateunek okela produktuak eroango ditu, Garabillak, kontserbak, Jesus Martinezek, eztia, La familia A-k, ahatekiak eta Labegurrek, ogiak eta gozoak. Horiekin batera, Euskal Herriko ahuntz gaztarik onena eskuratzeko aukera ere egongo da, izan ere, bertan izango da Larruz; azaroaren 8an Tolosan ospatu zen Euskal Herriko esne, gazta eta jogurten IV. txapelketan Euskal Herriko ahuntz gaztarik onenaren saria eskuratu zuen Larruzek, 24 hautagairen artean.
Artisauek ere ez dute hutsik egingo, eta guztira hamar izango dira. Bitxiak, poltsak, eskulanak nahiz bestelako produktu ugari erosteko aukera eskainiko dute. Bertan egongo dira Arkatza Atelier (denetarik), Bitxik Kool (bitxigintza), Gigil (bitxigintza), Irama_Nineu (joskintza), Jandameida (keramika), Lauky (poltsak), Lurdes Perea (eskulanak), Maluke (denetarik), Maduixa Gorria (erropa) eta Xaboi (kosmetika naturala).
Azkenik, Aulestiko Eskolakoek eta Markina BHIko ikasleek postu bana ipiniko dute ikasbidairako dirua lortzeko asmoz, eta bertan izango da Kubike Aisialdi Taldea ere.