"Euskaldun osoak sortzen laguntzen du Berbalagun egitasmoak"
AEKren Berbalagun egitasmoak 19 urte daramatza Lea-Artibain euskara praktikatzeko harrobi segurua eraikitzen; gaur egun 34 partaide batu arren, erronka nagusia euskaldun aktibo gehiago inplikatzea eta arnasguneen bizi-osotasuna sendotzea da.
Duela 19 urte ipini zuen AEK-k martxan Berbalagun egitasmoa Lea-Artibain, eta ordutik hamaika izan dira egitasmoagaz bat egin dutenak. Gaur egun, 34 partaide ditu, bederatzi taldetan banatuta, eta Markina-Xemein, Ondarroa nahiz Lekeition elkartzen dira; Oihana Plaza Zubizarreta da Markina-Xemeingo dinamizatzailea, Iera Arantzamendi Irueta, Ondarroakoa eta Andoni Intxausti Aranguren, Lekeitiokoa.
19 urte dira egitasmoa martxan ipini zenetik. Helburuak berdina izaten jarraitzen du?
Bai, helburua beti izan da euskaraz berba egin nahi duenarentzat euskara praktikatzeko konfiantzazko eremu bat sortzea. Gainera, garai hartan atzerritar asko etorri ziren Markina-Xemeinera eta Ondarroara, eta premia ikusi zuten halako egitasmo bat antolatzeko.
34 partaide eta bederatzi talde. Zer nolako erantzuna da hori Lea-Artibai moduko arnasgune batentzat?
Normalean, euskara praktikatu nahi dutenek errazago egiten dute bat Berbalagunekin, eta gehiago kostatzen zaigu bide horretan lagunduko dietenak topatzea. Uste dugu horren arrazoia izan daitekeela euskal hiztunek uste dutela euskaraz bizitzeko guneak badaudela, eta beraz, modu naturalean aterako dela hori. Hala ere, Berbalagun egitasmoak euskaldun osoak sortzen laguntzen du: kiroldegian, dendan, lagunartean edo beste edozein tokitan euskaraz eroso aritzeko praktikatu egin behar dute euskara ikasten ari direnek, eta hori da bultzatzen duguna.
Edonor batu daiteke taldera?
Bidelaria izateko komunikatzeko gutxieneko gaitasuna eduki behar da; A2 edo B1 mailarekin nahikoa izango litzateke. Urte guztian dago martxan, eta jendearen ordutegietara egokitzen ditugu saioak. Guk jendeari parte hartzera animatu nahi diogu. Euskara biziko bada, euskaldunon konpromisoa ezinbestekoa da, eta egitasmo honek aukera ematen du bide horretan ekiteko eta norbanakoen ahalegin hori artikulatzeko.
Aurrera begira, zeintzuk dira Berbalagun egitasmoak dituen erronkak?
Arnasguneak arriskuan dauden garai honetan, guk uste dugu egoera iraultzeko tresnetako bat izaten jarraitzen duela Berbalagun proiektuak. Azken finean, euskara minorizatuta dagoen hizkuntza bat izan da, da eta izango da. Beraz, etorkizunean uste dugu beharrezkoa izaten jarraituko duela, euskara ez dagoelako salbu, zoritxarrez. Epe motzean, ostera, erronka bidelagunak topatu eta egitasmoarekin bat egin dezaten izango litzateke.
Ezina ekinez egina
Euskara ikastea gaitza dela uste dute zenbaitek, eta usteetan geratzen dira. «Ezina ekinez egina» diote beste batzuek, eta badaude, tunel ilunean bidea linterna txiki batekin argiztatzen dutenak; badaude usteei aurre egin eta euskara ikasteko hautua egiten dutenak. Horietako bat da Zuzana Epelde Markina-Xemeinen bizi den eslobakiarra.
Epelde A1 mailan hasi zen euskara ikasten duela zenbait urte, eta gaur egun, B1 mailan dago. Ordutik, hamaika izan dira euskararekin eta euskaraz bizi izan dituen esperientziak, eta duela bi urte Berbalagun egitasmora batzea erabaki zuen: «Gramatika eta hiztegia ikasi nituen, eta aktiboki erabili nahi nituen. Horretarako aukera polita iruditu zitzaidan Berbalagunen parte hartzea».
Bidelariek, ezinbestean, bidelagunak behar dituzte aurrera egiteko, eta hala, astean behin elkartzen da bere berbalagunarekin. Argi dauka Epeldek Berbalagun egitasmoaren bitartez tunela argiztatzen jarraituko duela: «Nire ama hizkuntza ez da ez euskara, ez gaztelania, eta euskara praktikatu ahal izatea niretzat oso garrantzitsua da. Berbalagun egitasmoaren bitartez euskaraz komunikatu ahal naizela sentitu dut; lortu ahal dudala sentiarazi dit».