Abenduak 3: euskarari duen garrantzia aitortzeko eguna
Euskara «larrialdi egoeran» dagoenez, komunitatea «indartu» behar dela dio Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskararen garrantzia azpimarratzeko denetariko jarduerak prestatu dituzte. Eudelek dio urrats «ausartak» egiteko unea dela.
Euskarak bide luzea egin du. Luzeena, agian, Europa zaharrean. Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, eta berritzen ari da. Euskaldunen herriaren bereizgarririk esanguratsuena da euskara, eta bera aldarrikatzeko eta, era berean, hizkuntzaren eguneroko erabileraren sustapena nabarmentzeko, Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko hainbat jarduera antolatu dituzte udalerriz udalerri. Udalek, gizarte eragileek nahiz tokian tokiko taldeek prestatu dituzte denetariko egitasmook, asteburu honetan hasi eta hurrengoan amaitzeko. Herritarrek, horrenbestez, egunotan edukiko dute zer egin eta zertaz gozatu, betiere euskaratik eta euskaraz.
Izan ere, euskara «larrialdi linguistikoan» dago, Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera. Uste dute «asko eta agerikoak» direla azken hamarkadetako susperraldi aroa eten denaren zantzuak; are gehiago, esku-hartze sendorik egin ezean, euskararen etorkizuna jokoan dagoela adierazi dute.

Argazkia: Ziortza-Bolibar
Euskara larrialdian dagoela adierazteko, 2023an argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoa ekarri dute gogora, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «gune euskaldunenetan euskararen erabilera atzera egiten ari dela» erakusten duena. Eta, gehitu dute Euskal Herri osoan gero eta gutxiago direla euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak.
Gainera, uztailean Uemak aurkeztutako proiekzio demolinguistikoaren arabera, «hizkuntza politiketan aldaketa handi bat» gertatu ezean, «beltza» da panorama. Horren arabera, 11 urte barru (2036an), Hego Euskal Herrian ez da arnasgunerik geratuko; hau da, euskararen erabilera %80tik gorakoa den herririk ez da egongo. Eta, arnasgune erasanak ere —erabilera %60 eta %80 artean dutenak— desagertzeko bidean egongo dira.
Horregatik, euskaltzaleon garaia dela diote, elkarrekin arnasa hartzekoa: «Ezinbestekoa da euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi uneak, itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean pizkundea: milaka euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetatik. Handia da gure historia garaikidean euskaltzaleon bulkadaz egindakoa. Baina ekinaldi berri baterako unea da, euskara lehen lerrora ekarriko duen jauzia eragitekoa. Horretarako, ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea».
Euskarak —hizkuntza guztiek bezala— etorkizunik izango badu, «unibertso bat» beharko duela uste dute Euskalgintza Kontseiluko ordezkariek, zentzua emango dion «irudi eta erreferentzia mundu bat». Eta, horretarako, euskararen «etorkizunari norabide berria» emateko, milaka euskaltzale bilduko dituen jaialdia prestatu dute abenduaren 27rako, Bilbon.
Eguneroko bultzada behar du, beraz, euskarak: eguneroko hauspoa, arnasa. Horretarako, nahitaezkoa da bere erabilera gizarteko alor guztietara barreiatzen saiatzea, denetariko esparruetan baliagarria eta erabilgarria dela frogatu ahal izateko. Eta hori ikusarazteko, denetariko ekintzek hartuko dituzte eskualdeotako eta Mutrikuko kale eta txokoak.
Indar isila
Norbanakoen indar isiliak, belaunaldiz belaunaldi transmititutakoak bihurtu du «hizkuntza zaharra gazte», Eudelen hitzetan: «Debekuen aurrean, euskarari eutsi zioten herritarrek. Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen. Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasatu da». Eta hizkuntza hazi eta berritu dadin lanean segitzen dutela dio.
Eudelek igorritako mezuan zehazten da «mundu nahasi eta aldakorrak» zaildu egiten duela komunitatearen indarra eta zentzua, «hiztun komunitatea ez baita berez mantentzen». Hori zaindu, elikatu eta piztu behar dela diote, eta horretarako unea dela berretsi dute: euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea da, aisialditik lan munduraino eta norbanakotik erakundeetaraino ailegatzekoa. «Euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea da. Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea da. Euskararen ezagutza zabaltzeko unea da. Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko unea da», adierazi dute Eudelen ordezkariek. Euskararen biziberritze-prozesuari «segurtasuna emateko» indarrak biltzeko eta «urrats berriak eta ausartak» egiteko unea ere badela gehitu dute.
Asko dago egiteko, badago zer hobetu, eta hori euskaraz dakitenekin eta oraindik ez dakitenekin batera egin behar dela nabarmendu dute: «Izan ere, urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak denen beharra du, pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko, eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko».
Euskaldunak batzen dituen hizkuntza da euskara, elkar ulertzeko gonbidapena: «Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu. Norberetik hasita egingo dugu bidea, guztion baitan baitago euskararen jauzia. Zugan, nigan, gugan».