Arantza Plaza gizaburuagarrak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Arantza Plaza Zamora gizaburuagarra aukeratu du Bizkaiko txapeldunari txapela jazteko. Plazak bertsolaritzaren transmisioan egindako lana eskertu nahi izan dio elkarteak.
Arantza Plaza.Bertsozale Elkartea. Arantza Plaza Zamorak jantziko dio txapela abenduaren 20an ospatuko den Bizkaiko Bertso Txapelketako irabazleari. Bizkaiko Bertsozale Elkartetik iragarri duenez, urte luzeetan bertsolaritzaren transmisioan egindako lanagatik saritu nahi izan dute Plaza.
2004an ekin zion Arantza Plazak lehen eskoletan bertsolaritza irakasteari, eta ordutik, herrietako ikastetxeetan ibili da irakasle lanetan, Mundu bat bertso programaren bidez. 2022ra arte aritu da bertsolaritza irakasten, eta Bizkaiko Bertsolaritza Elkartetik jakinarazi dutenez, Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da.
Egoera soziolinguistiko ezberdinak, eskola handi zein txikiak, hiriburuak eta herriak… errealitate ezberdinak ezagutu ditu Plazak: “Garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio bi hamarkada luzeetan, eta kasu guztietan ederto moldatu da”. Gizaburuagarraren hitzetan, bertsoak asko laguntzen du euskarara gerturatzeko, “baita kantuak ere, umeekin konektatzeko altxorra delako”.
Bertsolaritzaren transmisioan lan egitea ez ezik, euskararekiko “jarrera positiboa” indartzea ere helburu izan du Plazak: “Euskara guztiak onak direla azpimarratzen zien ikasleei, euskalkiak, batua, aberatsak eta ez hain aberatsak: egiten dena da balio duena”.
Gainera, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko gainerako proiektuetan ere ibili izan da laienen: “Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio beharretan ibili da hamaika elkarrizketa eginez; tartean, Bizkaiko Bertsogintza IV liburuko dokumentazio lanetan”.
Beraz, abenduaren 20an Bilboko La Casillan izango den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaleko irabazleari jarriko dio txapela Arantza Plazak, eta Bizkaiko Bertsozale Elkartetik oraindik sarrerak eskuragarri daudela gogorarazi dute.