Egia-Iriondo Memorialerako izen ematea, zabaltzear
Abenduaren 13an egingo dute Egia-Iriondo Memoriala; hilaren 9, 10, 11 eta 12an izena eman ahalko dute interesdunek.
Ondarroako udal ordezkariak, Egia-Iriondo Memoriala aurkeztuz. Abenduaren 13an, Egia-Iriondo Memoriala egingo dute, Berriatutik Ondarroara artean. Urteroko kirol hitzordurik esanguratsuenetakoa da udalerrian, eta, beste behin, herritarrek erantzutea espero dute. Alde horretatik, doako izen ematea hilaren 9, 10, 11 eta 12an egin ahalko da, Ondarroako Turismo Bulegora jota; bertako ordutegia 10:00etatik 13:00etara bitartekoa izango da, goizez, eta 15:00retatik 17:00etara artekoa, arratsaldez.
Hilaren 13an, gaztetxoenak izango dira irteera hartzen estreinakoak, 11:15ean, Zeledonion hasirik. HH, LH1 eta LH2 mailetakoek ekingo diote lehiari lehenik; 300 metroko ibilbidea egin bhearko dute. 11:20an, distantzia berbera beteko dute LH3 eta LH4 mailetakoek. 11:30ean abiatuko dira LH5 eta LH6koek, ostera, kilometro erdi egin beharko dute.
12:00etan, nagusien txanda izango da. Berriatuko irteera joateko, autobus zerbitzua egongo da; Astilleruko geltokitik aterako dira, 11:20an zein 11:40an. Behin proba biribilduta, Kofradia Zaharraren aurrealdeak hartuko du sari banaketa ekitaldia. Ume guztiek jasoko dute beren oparia. Nagusien artean, garaileek txapela nahiz garaikurra eskuratuko dituzte, eta podiumetako partaideek, aldiz, trofeoa soilik. Hiru sailkapen egongo dira proba nagusian: Orokorra, 12 eta 16 urte bitarteko Gazteena eta 40 urtekoen zein nagusiagoen Master +40 maila.