Txerri pintxoek eta neguko zaporeek beteko dute Amorotoko frontoia
Zapatuan [abenduak 6] 'Abenduan, on egin' gastronomia azoka egingo dute Amoroton. Neguko bertoko gastronomia dastaketa eta inguruko artisauen azoka txikia egongo dira, txerri pintxoekin batera. Musika eta barra ere egongo da.
Abenduari ongietorria egiteko asmoz, azoka baten bueltan elkartzen dira urtero amorotarrak. Aurtengorako ere prest dute dena, eta zapatuan [abenduak 6] herriko frontoira bertaratzeko deia egin diete herritarrei nahiz inguruetako bizilagunei. Amorotoko Kultura Taldeak antolatuta eta Amorotoko Udalaren babesagaz, Abenduan, on egin! gastronomia azoka egingo dute, eguerditik aurrera.
Eguneko protagonistetako bat Amorotoko txerriaren pintxoa izango da; urtero ilara luzea sortzen da pintxoa dastatzeko, eta aurtengoan Telleria baserriko txerria izango da bertaratzen direnek dastatuko dutena. “Txerria frontoian erretzen dute, burduntzian, eta goizeko ordu txikietatik lanean aritzen dira”, adierazi dute antolatzaileek.
Txerriak zeresana emango duen arren, neguko bertoko gastronomia dastaketa ere, ez da atzean geratuko: “Gabonetako jaki tradizionalak dira denak, eta urtero bezala, aurten ere herritarrek prestatuko dute dena. Odolostea eta txistorra, salda, karakolak saltsan, arroz esnea, intxaur saltsa eta sagar saltsa, herriko sagardoa, putxerada Balmasedako erara eta taloa egongo dira”. Gainera, gaztainak ere erreko dituzte, danbolinean.
Hori gutxi ez, eta inguruko artisauen azoka txikia ere egongo da: “Artisauena berria da. Iaz hasi ginen bizpahiru posturekin, eta aurten apur bat gehiagorekin errepikatzea erabaki dugu. Euskal pastela, ogia, konbutxa, makilak, eskulank batzuk, boltsak eta beste zenbait produktu egongo dira salgai”. Era berean, Amorotoko Eskolaren Gabonetako otzararen zozketarako txartelak ere erosteko aukera egongo da.
Musika jartzeaz arduratuko dira, ostera, Eingo-ko kideak: goiza Iker Allurren trikiti eskolako ikasleek girotuko dute, eta arratsaldea, ostera, Eingo Erromeriako kideek. “Eguerdian geldialdia egiten dugu, eta gustatuko litzaiguke arratsaldean ere jendea frontoira etortzea; giro polita ipintzen dute Eingoko musikariek”, adierazi dute antoaltzaileek. Gainera, arratsaldean musikagaz batera, barra ere zabalduko dute.
Zapatua, abenduak 6.
- Eguerdian. Gastronomia dastaketa, artisauen azoka txikia eta Amorotoko Eskolaren Gabonetako otzararen zozketarako txartelak, Eingo eskolako trikitilariek alaituta.
- 14:00etatik aurrera. Burduntzian erretako Amorotoko txerriaren pintxoak salgai.
- 18:00-20:00. Eingo erromeria eta barra, frontoian.