Andres Urrutia Bilboko Ospetsu izendatu dute
Andres Urrutia euskaltzainburu ondarrutarrak Bilboko Udalaren Bilboko Ospetsu izendapena jaso du, Bilbon euskararen alde egindako lan irmoa aitortuta. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 15ean izango da, Bilboko udaletxean.
Andres Urrutia Euskaltzaindiako burua.Euskaltzaindia Bilboko Udalak, 2001az geroztik, Bilboko Ospetsua izendapena ematen die hiriko zenbat pertsonei, eta jakinarazi ditu aurtengo saridunak ere. Hiriaren alde egindako ekarpena eta ibilbide profesionala aitortzen dituen sariketa da, eta aurten beste bost izen gehituko dituzte urteetako zerrenda luzean; tartean dago Andres Urrutia Badiola ondarrutarra ere. Urrutiagaz batera izendatu dituzte Ibon Areso Mendiguren, Gurutze Beitia Basterretxea, Begoña Etxeberria Madariaga eta Joaquin Atxukarro Arisketa ere.
Besteren artean, Urrutia Euskaltzaindiako buru da 2005etik, eta udalak haren ibilbidea aintzatetsi nahi izan du izendapenagaz, “Bilbotik euskara defendatzeko eta bultzatzeko egindako lan irmoagatik”.
Gainontzeko izendapenei dagokienez, udalak bakoitzaren ibilbidea eta hiriarekin izan duten lotura nabarmendu ditu. Ibon Areso Mendiguren, Bilboko alkate ohia, Bilboko hirigintzaren eraldaketaren eragile gisa goraipatu dute; Gurutze Beitia Basterretxeak, berriz, “aktore gisa duen talentua eta bilbotar umorea eta bihotza” direla-eta jaso du aitortza. Soziologoa den Begoña Etxeberria Madariagaren kasuan, “gazteen enplegua hobetzeko konpromisoa eta bere balioak” izan dira gakoak.
Musika mundutik, Joaquín Atxukarro Arisketa piano jotzailea sarituen artean dago aurten; herritarren bozketaren bidez gehitu da ospetsuen zerrendara, aurtengo berrikuntzetako bat. Udalak nabarmendu du “Bilbo munduko agertoki ospetsuenetara eramateagatik eta musika zabaltzeko eta irakasteko egindako lanagatik” merezi izan duela ohorea.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 15ean izango da, 19:30ean, Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan. Aburto alkatea buru izango duen gala berezian sarituak eta hainbat agintari bilduko dira.