Bi gizon atxilotu dituzte Markina-Xemeinen, lapurtutako 150 kilo kable garraiatzen ari zirela
Ertzaintzak indarra erabiliz lapurreta egitea egotzi die bi atxilotuei. Atxilotuek aitortu dute hurbileko industrialde batean egin dutela lapurreta.
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen atzo [abenduak 7] goizaldean, Markina-Xemeinen, lapurtutako 150 kilo kable autoan zeramatzatela. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotuei indarra erabiliz lapurreta egitea egotzi diete.
Gertakariak 03:10ean izan ziren, BI-633 errepidean, Markina-Xemein parean, Ertzaintzaren alkohol eta droga kontrol batean. Auto batean zihoazen bi gizonak, eta agenteek ikusi zuten autoa “oso kargatuta” zihoala, atzeko aldea nabarmen hondoratuta baitzuen. Ibilgailua miatu zuten, eta 150 kilogramo kable baino gehiago aurkitu zituzten maletategian, kablea ebakitzeko tresneria, eskailera batzuk eta lokatzez zikindutako erropa eta oinetakoekin batera. Kableen jatorriari buruz galdetu zieten poliziek, eta atxilotuek aitortu zuten hurbileko industrialde batean egin zutela lapurreta.
Hala, Ertzaintzak bi gizonak atxilotu, eta ertzain-etxera eroan zituzten, materialaren jatorria eta gertaerak zehazten jarraitzeko. Ostean, epailearen esku geratuko da.