Gizon bat atxilotu dute Markina-Xemeinen, droga-trafiko delitu bat egotzita
Ertzaintzak substantzia estupefazienteak aurkitu ditu gizonaren ibilgailuan. Arrosa koloreko bederatzi pilula, 56 gramo baino gehiago anfetamina eta marihuana-landareen hondakinak atzeman ditu.
Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen eguenean [abenduak 4] Markina-Xemeinen, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita, haren ibilgailuan substantzia estupefazienteak aurkitu ostean.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak eguen goizaldean izan ziren, 02:40ean, herritarren babes-lanetan ari zen patruila batek gidari baten jokaera susmagarria antzeman zuenean. Ertzaintzak azaldu duenez, ibilgailuak ihes egiteko maniobra bat egin zuen agenteen presentziaz ohartu zenean. Patruilak autoa geldiarazi eta barruan zihoazen bidaiariak identifikatu zituen. Agenteek autoa miatu, eta arrosa koloreko bederatzi pilula, 56 gramo baino gehiago anfetamina hiru poltsatxotan banatuta, eta marihuana-landareen hondakinak atzeman zituzten.
Ibilgailuaren jabe eta kopilotu gisa zihoan gizona atxilotu zuten droga-trafikoko delitu bat egotzita, eta ertzain-etxera eraman zuten izapidetze-prozesua egiteko. Tramitazioak amaitutakoan, atxilotua aske geratu zen, substantzien analisiaren emaitzen eta agintaritza judizialaren deialdiaren zain.