70 pilotari ohik parte hartuko dute Goxua Txapelketan
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak zazpigarren Goxua Txapelketari ekingo dio eguenean [abenduak 11]. Guztira 36 bikotek parte hartuko dute, bi mailatan banatuta, eta finalak martxoaren 21ean izango dira.
Bihar [abenduak 11] emango diete hasiera Markina-Xemeingo Goxua Txapelketaren zazpigarren aldiari. Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldearen ekimenez 72 pilotari ohi kantxaratuko dira, bi mailatan banatuta, eta lehia bizian ariko dira martxoaren 21ean finala jokatzen duten arte.
Iaz baino sei bikote gehiago izango dira aurten, 36 bikote, hain zuzen ere: 18 ariko dira lehenengo mailan, eta beste horrenbeste, bigarrenean. Antolatzaileak pozik agertu dira aurtengo parte hartzaile kopuruagaz: “Aurten sekula baino partaide gehiago edukiko dugu. Gehiengoa bizkaitarra den arren, gipuzkoar batzuk ere parte hartuko dute. Guretzat sekulakoa da txapelketak horrelako erantzuna edukitzea, eta jakitea jendea parte hartzeko gogoz dagoela”.
Hala, iazko funtzionamendu bera izango dute partidek. Alde batetik, eguenetatik domeketara izango dira jokatzeko egunak, eta bestetik, denek denen aurka jokatuko dute: “Bakoitzak bost partida jokatuko ditu, eta maila bakoitzean denak denen kontra ariko dira. Gero, azken fase bat edukiko dugu, finalen aurretik”.
Antolatzaileek astez aste frontoian egoten den giroa nabarmendu dute, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei: “Frontoian giro polita egoten da, eta jendea ere, nahikotxo batzen da. Gu pelota eskola garenez, garrantzitsuena umeak dira, baina badira urte batzuk hau antolatzen hasi ginenetik, eta polita da ikustea jendeak ondo erantzuten duela”.
Lehenengo partidak. Hori horrela, bihartik [abenduak 11] domekara [abenduak 14] lau partida ikusteko aukera egongo da. Lehenengo mailako partidak bihar eta zapatuan jokatuko dituzte, 20:00etan eta 17:30ean, hurrenez hurren. Bihar [abenduak 11] Muniozguren eta Zugadi neurtuko dira Aranbururen eta Aldaperen aurka, eta zapatuan [abenduak 13], Esnaola eta Mujika Agirrezabal eta Zabalaren aurka. Barikuan eta domekan, ostera, bigarren mailako partiden txanda izango da. Barikuan [abenduak 12] 20:00etan Laka-Ekaitz eta Loidi-Arribillaga bikoteek hasiko dute lehia, eta domekan [abenduak 14], 17:30ean, Mendibe-Goratz eta Jokin-Andoni bikoteek.
- Abenduak 11, eguena. 20:00etan, Muniozguren-Zugadi eta Aranburu-Aldape (lehenengo maila).
- Abenduak 12, barikua. 20:00etan, Laka-Ekaitz eta Loidi-Arribillaga (bigarren maila).
- Abenduak 13, zapatua. 17:30ean, Esnaola-Mujika eta Agirrezabal-Zabala (lehenengo maila).
- Abenduak 14, domeka. 17:30ean, Mendibe-Goratz eta Jokin-Andoni (bigarren maila).