Portuko Ranparen 18. urteurrena dela eta, Hardcore festibala ospatuko dute
Ondarroako Portuko Ranparen urteurrenaren harira bi ekimen antolatu dituzte. Asteburu honetan izango da lehenengoa: Bigarren Hardcore Festibala. Sarrera guztiak agortuta daudela adierazi dute antolatzaileek.
Hardcore festibala I.Begipuntuan. Ondarroako Portuko Ranpak 18 urte bete ditu aurten, eta honen harira, urteurrena ospatzeko helburuagaz, bi ekimen antolatu dituzte Portuko Ranpako kideek. Asteburu honetan emango diote hasiera urteurrenari, Ondarru Hardcore Festibala II jaialdiarekin, eta abenduaren 19ko kontzertuekin itxiko dute zikloa.
Hala, antolatzaileek jakitera eman dutenez, zapatuko Hardcore Festibaleko sarrera guztiak agortuta daude: “Bigarrenez antolatzen dugu jaialdia, urteurrenaren bueltan. Aurreko urtean ere sarrera guztiak saldu ziren baina aurten iaz baino lehenago saldu dira; jendea gogoagaz dagoenaren seinale. Gu ere horrela gaude, eta espero dugu guztia ondo ateratzea”. 17:30ean irekiko dituzte Portuko Ranpako ateak eta segituan hasiko dira kontzertuak. Hala ere, antolatzaileek esan dutenez, ez dute kontzertuen ordena publiko egingo: “Iaz ere horrela egin genuen, eta aurten ere erabaki berbera hartu dugu. Izan ere, jendea hasieratik erakarri nahi dugu, talde guztiak entzun dezan”.
Euskal Herriko txoko ezberdinetatik joango dira taldeak Portuko Ranpara: Durangaldea, Hondarribi, Zarautz, Baiona… guztiak talde euskaldunak izango direla azpimarratu dute. Gainera, oholtzara igoko diren 10 talderen artean bi ondarrutarrak izango dira: Shibari eta Jake Mate. “Jake Matek duela denbora bat utzi zuen jotzeari, baina aurten oholtzara igoko da. Portuko Ranpan jo zuen lehenengo musika taldea izanik, modu polita iruditu zitzaigun zikloari amaiera emateko. Aurreko taldeak profesionalagoak izango dira, eta bakoitzak ordu erdiko kontzertua eskainiko du gutxi gorabehera. Jake Mate gaua borobiltzeko modua izango da”.
Abenduaren 19an emango diote jarraipena urteurrenari. 22:00etan irekiko dira Portuko Ranpako ateak eta bi kontzertu egongo dira: Los Sara Fontan eta Amorante. Beraz, asteburu honetako sarrerak eskuratu ez dituenak bigarren aukera bat izango du datorren barikuan: “Sarrerak salgai daude Anaitasuna tabernan, 8 euroren truke. Leihatilan bertan ere erosi ahalko dira 10 euroren truke”.