Frankismoan Ondarroara etorritakoei buruzko dokumentala, martxan
Frankismo garaian Ondarroara etorritakoei buruzko dokumentala ekoizten dabil Ondarroako Udala. Jon Maia Soria ari da dokumentala gidatzen, eta grabazioak amaitu dituzte jada.
Frankismoan Ondarroara etorritakoei buruzko dokumentala ekoizteko lanetan murgilduta dabil Ondarroako Udala, Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak lagunduta. Ondarroako Udaletik jakitera eman dutenez, Jon Maia Soria dabil zuzendari lanetan.
Agintaldi hasieran ekin zioten dokumentalaren lanketa prozesuari, eta urteetako lanaren ostean, grabazio lanak amaitzen dabiltzala adierazi du Ondarroako Udalak. Prozesuaren hasieran frankismoan Ondarroara etorri zirenen zerrenda osatu zen udaletik, eta ondoren, elkarrizketa ezberdinak egin zituen Jon Maiak, testuingurua kokatu eta bizipenak jasotzeko. Egindako elkarrizketetatik abiatuta aukeratu zituen Maiak dokumentalera eramango dituen bizipenak.
“Jon Maiari eskatu genion memoria historikoaren lan hau egitea. Alde batetik, gaia barne-barnetik, etxetik, ezagutzen duelako eta esperientzia badaukalako halako proiektuetan, Azpeitiako Kastellanuek dokumentalarekin esaterako. Bestalde, uste genuelako Jon Maiak profil os egokia daukala herritik kanpo jaio ziren ondarrutar horiei guztiei behar moduko aitortza eta omenaldia egiteko”, azaldu du Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak.
1936ko gerra amaitzean nagusitutako “krisia eta miseriaren” ondorioz sorlekua utzi behar izan zuten askok: “Orduan, bizimodua aurrera ateratzeko, emigratu egin behar izan zuten, eta aukera legez, Euskal Herrira etortzea erabiki zuten. Helburuko herrietako bat izan zen Ondarroa, batez ere arrantza portu garrantzitsa izateak eta horren inguruko jarduera ekonomiko guztiek (portuko lanak, tailerrak, kontserba industria, garraioa…) bultzatuta, bizitza duin bat izateko aukera baten bila”.
Frankismoan Ondarroara etorritakoei “aitortza” egiteko modua izango da dokumentala: “Zor bat geneukala uste genuen, aitortza egin beharra eta eskerrak eman beharra. Etorkin gehienak Galiziatik etorri ziren, baina baita espainiar estatuko lurraldeetatik ere: Asturias, Extremadura, Andaluzia edo Gaztela-Leon. dokumental honetan herri guzti hauetako etorkinei ahotsa eman eta Ondarroara nola etorri ziren, herrian zelan hartu genituen eta gaur eguneraino bizitza Ondarroan zelan egin duten azalduko dute: hizkuntza, kultura, lana, integrazioa, harremanak, ingurua, herria, elkarteak eta abar hizpide izanda”.