Bittor Txakartegiren 'Herrikadak' erakusketa ikusgai dago Aulestin
Urtarrilaren 9a eta 11a izango dira erakusketa ikusteko azkenengo bi aukerak. Barikuan, 17:00etatik 20:00etara, eta domekan, 11:00etatik 14:00etara.
'Herrikadak' erakusketa. Bittor Txakartegi. Bittor Txakartegi lekeitiarrak Herrikadak erakusketa sortu du, eta Aulestin jarri du ikusgai. Urtarrilaren 9a eta 11a izango dira erakusketa ikusteko azkenengo bi egunak: barikuan, 16:30etatik 20:00etara, eta domekan, 11:00etatik 14:00etara. Erakusketa Aulestiko Udaleko hirugarren solairuan dago, Musika Gelan.
Erakusketak bi atal desberdin dituen arren, horietako bat Aulestiko herriari eta aulestiarrei zuzendutakoa dela azaldu du Txakartegik: “24 urtetan izan naiz Aulestiko eskolako maisua, eta harreman oso onak egin ditut herrian. Sartu nintzenean sekulako harrera egin zidaten eta asko harritu ninduen herri txikia izanik zelako martxa zegoen Aulestin. Beraz, urte guzti hauetan egindako kartel eta grabatuak jaso ditut, eta nolabait, Aulestiko historiaren zati bat kontatu dut 24 urtean ekintza ezberdinak iragartzeko egindako kartelekin”.
Alde batetik, egileak azpimarratu bezala, 24 urtetan egindako kartelekin osatu du erakusketaren atal bat: “Oso harrera ona izan du erakusketak. Gainera, polita izan da. Ze, ezagutzen ditudan aulestiar asko pasa dira bertatik, eta elkarrizketa luzeak izan ditugu lehengo sasoiak gogoratzen”. Bestalde, erakusketaren bigarren atalean, azkenaldian egindako grabatuak sartu ditu Txakartegik: “Azken hiru urteetan Bilboko La Taller Espazioan nabil grabatuen proiektu bat aurrera eramaten, eta horrek ere sartu ditut erakusketan. Hasieran ez nekien nola geldituko ziren, baina azkenean gustatu zait emaitza”.
Erakusketa pertsonalizatua dela esan du egileak, eta hurrengoa Lekeition eginez gero, materiala aldatu beharko lukeela: “Gustatuko litzaidake hurrengo erakusketa Lekeition egitea, baina horretarako zenbait gauza kendu beharko nituzke, eta Lekeitiori buruz egindako beste lan batzuk sartu. Erakusketaren izena ere horregatik da Herrikadak: nire harrikadak direlako eta herriarekin lotuta dagoelako”.