Partidu "polit eta lehiatuak" jokatu dituzte Gaimaz Gabon Sarian
Atzo [urtarrilak 6] jokatu zituzten Gaimaz Gabon Sariko finalak Uni frontoian, eta antolatzaileak pozik agertu dira puntisten mailagaz nahiz ikusleen erantzunagaz.
Gabon Sariko finalistak eta irabazleak, atzo [urtarrilak 6].Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskola Urtez urte “erantzun ederra” jasotzen du Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolak antolatzen duen Gaimaz Gabon Sariak, eta aurten ere, hala izan da. Han eta hemengo puntistek atzo [urtarrilak 6] jokatu zituzten finalak Uni frontoian, baina ez aurretik, bide luzea egin barik: “Urrian hasi ginen, eta Euskal Herriko zesta eskoletako 85 puntista inguruk parte hartu dute txapelketan. Markina-Xemein, Lekeitio, Mutriku, Gernika-Lumo, Berriatua, Hondarribia, Gasteiz nahiz beste zenbait herritako kirolariek parte hartu dute. Denak gogoz aritu dira, eta partida politak ikusteko aukera egon da”.
Hala, atzo eman zioten txapelketari azken errematea. Guztira sei final ikusteko aukera egon zen: “16:30ean hasi eta 22:00ak pasatxo arte jokatu zituzten partidak, tarteetan bost minutuko geldialdiekin soilik. Jende asko egon zen eta partidak politak atera ziren”. Partiden erdiak berdinketa haustearekin erabaki behar izan zituzten, eta halaber, “partida gogorrak” ikusteko aukera egon zen: “Parekotasun handia egon zen bikoteen artean, eta denak izan ziren nahiko gogorrak. Lehiakortasunez aritu ziren denak kantxan, eta ikuskizun polita eskaini zuten”.
Lehenengo partidu Iturraran-Luken eta Otadui-Agirre bikoteen artekoa izan zen. Iturraran eta Luken atzetik hasi baziren ere (5-15), bigarren seta irabaztea lortu zuten (15-11). Hala, berdinketa hausteagaz Otadui eta Agirre gailendu ziren, 5 eta 2 irabazita.
Jarraian Erika-Eneritz eta Lur-Arai kantxaratu ziren, eta “partidu oso gogorra” izan zen: “Partidu lehiatua izan zen, edonork irabazteko modukoa”. Izan ere, Erika eta Eneritz txapela lortzetik tanto gutxi batzuetara baino ez ziren gelditu: lehenengo setean 14-15 irabazi zuten Lurrek eta Arairek, eta bigarrenean, 13-15.
Hirugarren partiduan, ostera, “erraz” irabazi zieten Argoitiak eta Orhik Kareagari eta Agirreri: “Argoitiak oso ondo jokatu zuen, nagusitasun handiarekin. Orhik atzetik dominatu egin zuen, eta Argoitiak aurrean tantoak erraz amaitu zituen”. Hala, 15-5 eta 15-9 eskuratu zuten txapela.
Orkatz-Txaparro eta Txomin-Ekiza bikoteen arteko lehia ere, berdinketa haustearekin amaitu zen. Lehenengo setean kolore urdinagaz Txominek eta Ekizak (15-13) lortu zuten irabaztea, eta bigarrenean, gorriek (10-15). Hala, berdinketa haustea 5-2 amaitu zen, gorrien alde.
Bosgarren partida “nahiko justu” hasi zuten Ekhik eta Oinatzek Denisen eta Bereauren aurka. “Tanto politak” ikusteko aukera egon zen, eta Ekhik eta Oinatzek galdu egin zuten arren (15-13 eta 15-12), “sendo” kantxaratu ziren puntistak: “Ekhik, galdu egin zuten arren, tanto asko egin zituen: aurrean pilota ondo topatzen zuen eta alboz tanto asko amaitu zituen. Bereauk, aldiz, kantxa dominatu zuen, eta Denisek ere moztutako nahi bestelako tanto politak egin zituen”.
Azken partidarekin ere, lehia bizia eta goreneko maila ikusteko aukera egon zen. Cosmek eta Urangak kolore gorria defendatu zuten, eta Antxonek eta Bailok, urdina. Hala, lehenengo setak urdinen alde egin zuen (11-15), eta bigarrenak, gorrien alde (15-14). Berdinketa haustea ere “gogorra” izan zen, baina azkenerako, Antxonek eta Bailok lortu zuten garaipena, 5 eta 3 irabazita.
Balorazio “oso ona”. Antolatzaileak pozik agertu dira aurtengo txapelketagaz: “Ikusle aldetik erantzun ona eduki du. Bariku eta zapatuetan jokatu ditugu partidak, eta jardunaldi denetan ibili da jendea. Jendeak gustura hartzen duela ikusten dugu, eta pilotariak ere gogoz egoten dira. Aurtengoaren balorazio oso ona egin dugu: jende asko etorri da eta pilotariek ere maila handia eman dute, denak gogoz aritu dira eta euren jokorik onena ematera atera dira kantxara”. Hala, hurrengo txapelketan ere, euren mailarik onena emateko entrenatzen jarraituko dute puntistek; Karmen jaietako Elorrio Memoriala izango da Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolaren hurrengo txapelketa.