"Venezuelak soilik har ditzake Venezuelaren inguruko erabakiak"
Venezuelari babesa adierazteagaz batera, burujabetzaren bidea jorratzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuten atzo arratsaldean, Ziortza-Bolibarren. Besteren artean, Venezuelako Bolibartar Errepublikak Bilbon duen kontsulatuko buru Glenna del Valle Cabello egon zen bertan.
“Ziortza-Bolibarko herria Venezuelarekin dagoela” aldarrikatu zuten atzo arratsaldean [urtarrilak 9] bertako eta inguruetako herritarrek, eta bertan egon ziren eskualdeko zenbait alkate eta udal ordezkari ere. Venezuelar herriari elkartasuna eta babesa adierazi, eta burujabetzaren aldeko mezua zabaldu zuten.
Venezuelako Bolibartar Errepublikak Bilbon duen kontsulatuko buru Glenna del Valle Cabellok eta Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak hartu zuten hitza. “Ziortza-Bolibarko herriak venezuelar herriarekin daukan harreman historikoa kontuan hartuta, garrantzitsua deritzogu Venezuelari babesa adieraztea eta burujabetzaren bidea jorratzen jarraitzeko adorea biltzea”, adierazi zuen Larizek.
AEBek egindako erasoa eta Nicolas Maduro eta Cillia Floresen bahiketa gaitzetsi zituzten: “Gaur gogor salatu nahi dugu Ameriketako Estau Batuek Venezuelan egin duten eraso militarra, eta bereziki, Nicolas Maduro eta Cillia Floresen bahiketa. Ziortza-Bolibarko herriak eta Lea-Artibai eskualdeak elkartasuna adierazi nahi diote venezuelar herriari eta Ameriketako Estatu Batuaken eraso militarrean hildako zibilei. Oso larria izan da, batez ere, herri zibilaren aurkako erasoa”.
Cabello esker onez agertu zen, eta salaketa mezuez gain, erasoen aurrean erantzutearen garrantziaz mintzatu zen: “Momentu honetan gure herrialdea egunerokotasuna berreskuratzen ari da; urtarrilaren 6an Delcy Rodriguezek presidentetzaren ardura hartu zuenetik, administrazio jardunak jarraitzen du. Venezuela presente dago, aurrera egingo du eta ez gara makurtuko. Venezuela venezuelarrentzat bizi da, Venezuela venezuelarrena da, eta guk venezuelar moduan erantzungo diogu eraso egiten gaituenari, kolpatzen gaituenari”.
Herrien burujabetza eta pertsonen giza eskubideak printzipio unibertsal eta alienaezinak direla azpimarratu zuen Ziortza-Bolibarko alkateak, eta kasu horretan, Ameriketako Estatu Batuek bi printzipio horiek urratu dituztela esan zuen.
Burujabetzaren garrantziaz hitz egin zuen Larizek, eta nabarmendu zuen Latinoamerika ez dela Ameriketako Estatu Batuen esanetara dagoen lurraldea, eta Ameriketako Estatu Batuek ezin dutela indarrez euren interes ekonomiko eta politikoak asetzeko baliatu: “Venezuelak soilik har ditzake Venezuelaren inguruko erabakiak. Hemendik aldarrikatu nahi dugu elkarrizketa, jarduera diplomatikoa eta bakea direla gure banderak. Soilik nazioarteko legedia errespetatuz lor daiteke Latinoamerikak hain beharrezkoa duen egonkortasun politiko eta soziala“.
Ziortza-Bolibarko alkateak zein kontsulak eskerrak eman zizkieten bertan bildutako guztiei.
