36. Lilatoira joateko autobusa egongo da Ondarroatik eta Markina-Xemeindik
Ondarrutarrek Etxelilan eman dezakete lasterketarako nahiz autobuserako izena, gaurtik [urtarrilak 14] urtarrilaren 28ra. Markina-xemeindarrek kamiseta herrian jasotzeko aukera edukiko dute, eta autobuserako izen ematea udaletxean egin behar da.
Martxoaren 1ean Donostian egingo da, urtero legez, Lilatoia. Aurtengoan 36. lasterketa izango da, eta ohi bezala, mota guztietako kirolarientzako tokia egongo da bertan: “Korrikalari hasiberrientzat, esperientziadun kirolarientzat edo handbike kategoriarako… denentzako tokia dago. Helburua kirolaren bitartez emakumeen ahalduntzea lortzea da, osasuna, inklusioa eta talde lana sustatuz”. Ugariak izango dira Lea-Artibai eta Mutrikutik parte hartuko duten korrikalariak, eta hori jakinda, herrian bertan izena emateko eta kamisetak jasotzeko aukera nahiz autobusetan izena emateko aukera egongo da.
Ondarrutarrei dagokienez, Etxelila Aringaingan taldea sortuko dute, eta lasterketan parte hartzeko izen ematea gaur [urtarrilak 14] zabaldu eta urtarrilaren 28an itxiko dute. Martitzenetan eta barikuetan 16:00etatik 20:00etara eta eguaztenetan eta eguenetan 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eman ahalko da izena. Markina-xemeindarrei dagokienez, ostera, izen-ematea norberak egin beharko du Lilatoriaren web orritik, baina kamiseta herrian jasotzeko aukera egongo da. Horretarako, izena ematerakoan “taldearen kodea” atalean MARKINAXEMEINÂ jarri behar da, eta kamiseta jasotzeko tokien artean Eibarko Emakumeen etxea aukeratu beharko da; azalpenak pausuz pausu zabaldu dituzte euren sare sozialetan. Izena ematearen eta kamisetaren truke 15 euro ordaindu beharko dira.
Autobusei dagokienez ostera, Ondarroatik irten nahi dutenek Etxelilan eman beharko dute izena aipatutako egun eta orduetan, eta sei euro ordaindu beharko dituzte joateko eta beste sei, itzultzeko. Markina-Xemeindik irten nahi dutenek, ostera, udaletxean eman dezakete izena, 7 euroren truke; toki mugatuak egongo dira.