Berriatuko 2026ko aurrekontua iazkoa baino %8,4 handiagoa da
Herriko plazako bigarren faseko proiektua izango da aurtengo proiektu nagusietako bat, 200.000 euroko partidarekin.
Berriatuko erdiguneko obren lehenengo fasea.Berriatuko Udala. Berriatuko Udalak 2.632.721 euroko aurrekontua izango du 2026rako, iazkoa baino %8,40 handiagoa. Joseba Goienola Berriatuko alkateak azaldu duenez sarreretan aurreikusitako hazkundeak ahalbideratu du igoera: “Udalaren lana baliabide horiek ahalik eta modurik orekatuenean banatzea da”.
Inbertsioei dagokienez, aurten 377.000 euro bideratuko dira, iaz baino %23 gehiago (306.025). Proiektu nagusia herriguneko edo plaza inguruko obren bigarren fasea amaitzea izango dela zehaztu du Goienolak, guztira 200.000 euroko inbertsioarekin. Horrez gain, proiektu nagusien artean kokatu du alkateak erdiguneko errepidea eta Gardotza industrialdeko urbanizazioa hobetzea. Bestelako proiektuen artean aurkitu daitezke energia planaren araberako proiektuak garatzea, eta gimnasioko hobekuntza eta mantenu lanak aurrera eramatea, besteak beste.
Jai, kultura eta kirol arloetan egiten den apustua mantenduko dela azpimarratu du Berriatuko alkateak: “Guztira 155.000 euro bideratuko dira hiru esparru horietara: 90.000 euro jaietarako, 35.000 kirol ekintzetarako eta 20.000 kultura sustapenerako”. Horrez gain, berdintasun politikak lantzeko 27.000 euroko partida aurreikusi da, eta bizikidetza eta segurtasunerako, berriz, 15.000 eurokoa. “Aipatutako ildoei dagozkien apustuak mantendu egingo ditugu, guretzako garrantzitsuak baitira, eta aurreko urteko erronkei eutsiz jarraituko dugu”. Musika Eskolara bideratutako partidak ere pisu garrantzitsua izango du aurrekontuetan: 335.000. Izan ere, barne mailako organizazio aldaketak igoera bat suposatu du aurrekontuetan: “Guretzako apustu handi bat da”.
Herriko elkarte eta taldeei bideratutako laguntzei dagokienez, aurreko urteetako norabidean jarraituko du udalak: “Herriko elkarte eta taldeentzako laguntzak bermatzea garrantzitsua da guretzako; izan ere, gizarte hobe batera bidean lan egiten duten taldeak baitira”. Horrez gain, Lea-Artibaiko Mankomunitateari bideratutako partida ere igo egingo da: “Transferentzia arruntek %15,14ko igoera izango dute. Bideratuko diren 491.330 eurotik 270.000 euro inguru Mankomunitatearentzat izango dira: gizarte zerbitzuetarako eta hondakinen kudeaketarako. Batez ere, gainera, hondakinen kudeaketarekin dauka zerikusia igoerak: dauzkagun birziklatze tasak ez dira onak, eta hauek hobetzeko helburuagaz egin da aipatutako igoera”.
Pertsonal gastuek ere igoera izango dutela azaldu du Joseba Goienolak: “Pertsonal gastuak 41.500 euro igoko dira, iaz baino %7,11 gehiago. Udaleko lanpostuen balorazioa egin ondoren soldatak egokitzeko beharra ikusi da, eta horrek eragin du igoeran”.