Jaka-Iztueta eta Artola-Imaz aurrez aurre, Uni frontoian
Zapatuan [urtarrilak 17] Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia lehiatuko dute pilotariek. Aurretik Agirre-Morgaetxebarria eta Egiguren V-Eskuza ariko dira. Sarrerak salgai daude.
Herriko nahiz eskualdeko pilotazaleak elkartuko ditu zapatuan [urtarrilak 17] Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatuko den profesionalen pilota partidak. Izan ere, besteren artean, Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldiko partida bat ikusteko aukera egongo da.
A Serieko Jaka-Iztueta eta Artola-Imaz izango dira kantxaratuko diren bikoteak, eta aurretik Agirre-Morgaetxebarria eta Egiguren V-Eskuza pilotarien txanda izango da; erabiliko dituzten pilotak zapatuan bertan aukeratuko dituzte. Markina-Xemein Esku Pilota taldeak eta Markina-Xemeingo Udalak antolatu dute kirol ekitaldia, eta adierazi dutenez, oraindik zenbait sarrera geratzen dira salgai. Hala, bertaratu nahi dutenek entradasfronton.com helbidean erosi ditzakete sarrerak, 20 eurotik aurrera.
Joan den abenduaren 8an neurtu zituzten indarrak A Serieko bi bikoteek, eta Jakaren eta Iztuetaren alde egin zuen markagailuak, 22 eta 8 irabazita. Hala, txanponaren beste aldea bizitzeko gogoz irtengo dira kantxara Artola eta Imaz, baina Jakak eta Iztuetak ez dizkiete lanak erraz jarriko. Izan ere, bi bikoteek bederatzi partida jokatu eta lau irabazi dituzte, eta garaipen gosez datoz bederatzigarren jardunaldian galduta. Hala ere, sailkapenean aurretik doaz Jaka eta Iztueta; aldeko 147 tanto eta kontrako 177 dituzte, eta Artolak eta Imazek aldeko 142 tanto eta kontrako 179 tanto.