VI. Kalamua-Barinaga jaitsiera egingo dute zapatuan
Zapatuan [urtarrilak 17] 12:00etan hasiko da lasterketa Kalamuako puntan, eta korrikalariak Barinagako frontoira jaitsiko dira. Izen ematea zabalik dago.
Badatoz Markina-Xemeingo Barinaga auzoko San Anton jaiak, eta horrekin batera badator seigarrenez Kalamua-Barinaga jaitsiera ere. Zapatuan [urtarrilak 17] egingo dute jaitsiera, eta Barinagako Jai Batzordea gogoz dago eguna heltzeko: “Urtero bezala, 30 edo 35 partaide inguru espero ditugu. Eguraldiak baldintzatuko du agian, baina oraingoz 25 lagunetik gora daude izena emanda”.
Eguraldiari begira egongo diren arren, euria edo eguzkia egin, 3,7 kilometroko eta 700 desnibeleko jaitsiera egin beharko dute partaideek. Kalamuako tontorrean hasiko da lasterketa, eta Barinagako frontoian amaitu; aurtengoan, gainera, bide berria edukiko du lasterketak. Lehenengo neska nahiz mutilek eskuratuko dituzte sariak: azkarren heltzen direnek 100 euro poltsikoratuko dituzte, bigarren sailkatuek, 75 euro eta hirugarrenek, 50 euro. Jakitera eman dutenez, ez da dutxatzeko aukerarik egongo.
Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute www.kirolprobak.com web orrian; federatuek 12,5 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabeek, 15 euro. Egunean bertan 09:00etatik 10:00etara egingo dute dortsalen banaketa, eta 10:30ean irtengo dira tontorrera Barinagatik. Lasterketa, ostera, 12:00etan hasiko da.
Lasterketa amaitzerako jai giro bete-betean egongo dira barinagarrak, eta partaide guztientzako kopaua egongo da. Era berean, “opari ederren zozketa” ere egingo dute, eta partaide guztiei kamiseta bana oparituko diete lasterketako oroigarri gisa.