Zazpi partida jokatuko dituzte Goxua Txapelketako laugarren jardunaldian
Bihartik domekara [urtarrilak 15-18] jokatuko dute laugarren jardunaldia. Zapatuko [urtarrilak 17] partidak goizez izango dira.
Badoa pixkanaka aurrera Master Goxua Txapelketa. Gabonetako atsedenaldiaren ostean, joan den asteburuan ekin zieten lehiari, eta bihartik domekara [urtarrilak 15-18] jokatuko dituzte partidak. Guztira zazpi partida jokatuko dituzte laugarren jardunaldian; horietatik bakarra izango da bigarren mailako pilotariek jokatuko dute.
Bihar [urtarrilak 15] 20:00etan hasiko dute lehia, ohi bezala, Markina-Xemeingo frontoi txikian. Uzuriaga-Pradera eta Muniozguren-Zugadiren arteko norgehiagokak hasiko du eguna; gaurkoz, Muniozgurenek eta Zugadik bi partida jokatu eta biak irabazi dituzte, eta Uzuriagak eta Praderak bat jokatu eta hura irabazi dute. Eguena ixteko, Aranburu-Aldape eta Rober-Atxurren arteko partida ikusi ahalko da.
Barikuan [urtarrilak 16], ostera, partida bakarraz gozatu ahalko da: Legarra-Muruaga eta Kortazar-Ube bikoteek neurtuko dituzte indarrak, 20:00etatik aurrera. Bi bikoteak partida bana jokatuta eta hura irabazita helduko dira kantxara.
Arratsaldean beharrean, goizean jokatuko dituzte zapatuko [urtarrilak 17] partidak. 10:45ean Anartz Ibarloza eta Oier Urrutia kantxaratuko dira Txirloiren eta Urizarren aurka, eta zapatuko jardunagaz amaitzeko Larrea I eta Larrea II ariko dira Varelaren eta Unanueren aurka. Tartean, asteko bigarren mailako partida bakarra jokatuko dute: Alex Arrate-Ander Arraiza eta Zubiria-Gomez bikoteen artekoa.
Laugarren jardunaldiagaz amaitzeko, domekan [urtarrilak 18] Ager Martin eta Igor Uriarte lehiatuko dira Iñaki Urberen eta Ansoren aurka, 17:00etan.
Hirugarrena, giro politean. Urtarrilaren 8an hasi eta joan den domekan [urtarrilak 11] jokatu zuten hirugarren jardunaldia. Guztira 11 partidetaz gozatzeko aukera egon zen, eta antolatzaileen esanetan, “giro politean” igaro zen hirugarren jardunaldia: “Giro polita egon da jardunaldi guztian eta jendetxoa ibili da. Zapatuan elkartu zen jende gehien, ze, sei partida egon ziren”. Gaineratu dutenez, txapelketa “martxa onean” doa aurrera: “Txapelketa ederki doa aurrera, martxa onean. Momentuz, lesiorik ere ez da egon, eta hori poztekoa da. Ondo doa dena, eta pozik gaude”.
Emaitzei dagokienez, lehenengo mailan berriro jokatu zuten azken bi urteetako irabazleek, Esnaolak eta Mujikak, eta garaipena lortu dute euren bigarren partidan ere: “Hirugarren jardunaldian lehenengo mailako bi partida jokatu ziren: Txurruka-Txurruka eta Esnaola-Mujikaren artekoa eta Iñaki Urbe-Anso eta Aranburu-Aldaperen artekoa. Azken bi urteetako irabazleek 18 eta 10 lortu zuten berriro ere irabaztea; esango nuke aurten ere faborito nagusiak beraiek direla”. Urbe-Anso eta Aranburu-Aldaperen artean, ostera, kantxaren jaun eta jabe izan ziren bigarrenak, 18 eta 4 irabazita.
Gainerako partidei dagokienez, “oso ondo” joan direla adierazi dute antolatzaileek. Lehia estua ikusteko aukera egon zen zenbait partidetan: Cano-Gerrikabeitia eta Uriarte-Xabi Malaxetxebarria nahiz Larrazabal-Ezpeleta eta Mendibe-Goratz bikoteen artean 18 eta 13 amaitu ziren partidak, eta Cano-Gerrikabeitia eta Larrazabal-Ezpeleta izan ziren bi garaileak. Lau tantoren aldeagaz irabazi zuten, ostera, Jon eta Ander Zufiaurrek Lorenzoren eta Agirregomezkortaren aurka eta Alex Arratek eta Ander Arraizak Igor Loidiren eta Haritz Arribillagaren aurka; Zufiaurretarrek bigarren partida ere jokatu zuten Zubiriaren eta Gomezen aurka, eta 18 eta 9 irabaztea lortu zuten.
Lehiakortasunez aritu ziren, era berean, gainontzeko bikoteak ere: 18 eta 12 amaitu zen Igor Jaio-Unax Gorostola eta Onagoitia-Aitxulua bikoteen arteko lehia; eta 18 eta 9 amaitu zen Gandixa-Adorrixa eta Xabier Uriarte-Mikel Uriarte eta Jokin-Andoni eta Atxurra-Arizmendi bikoteen artekoa. Erraz irabazi zuten, ostera, Anituak eta Arrietak, 18 eta 4 Kule eta Altuna mendean hartuta.
Laugarren jardunaldiko partidak.
- Urtarrilak 15, eguena, 20:00.
- 1. maila: Uzuriaga-Pradera eta Muniozguren-Zugadi.
- 1. maila: Aldape-Aranburu eta Rober-Atxur.
- Urtarrilak 16, barikua, 20:00.
- 1. maila: Legarra-Muruaga eta Kortazar-Ube.
- Urtarrilak 17, zapatua, 10:45.
- 1. maila: Ibarlotza-Urrutia eta Txirloi-Urizar.
- 2. maila: Arraiza-Arrate eta Zubiria-Gomez.
- 1. maila: Larrea I-Larrea II eta Varela-Unanue.
- Urtarrilak 18, domeka, 17:00.
- 1. maila: Martin-Uriarte eta Urbe-Anso.